Pentsiodunen deialdiekin bat egin dute hainbat eragilek

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mai. 20a, 07:59

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak datorren asterako deitu dituen bi deialdietan parte hartzeko deia luzatu dute Tolosako hainbat eragilek.

Ernai, Tolosako Asanblada Feminista, Topa, Auzolan, LAB, ELA, Amarotz, Ttonttor, Larramendi, Otsabio eta Berazubi auzo elkarteak, Tolosako batukada taldea, EH Bildu, Sortu eta Amaia Agirre bertsolaria dira momentuz bat egin dutenak Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, zehazki, Gipuzkoan datorren asterako deituta dituen deialdiekin.

Pentsio duinak eta murrizketarik gabekoak aldarrikatzeko bizikleta martxa egingo dute. Maiatzaren 24an, astelehenean, emango diote hasiera eta larunbatera bitartean Gipuzkoa zeharkatuko dute. Lehen etapa Tolosan bukatuko da. Hori horrela, zortzi eragileek, pentsiodunen aldarriekin bat egiten dute, eta herritarrei babesa adieraztera gerturatzeko eskatu diete.

Errenteriatik abiatuko da Bizikleta Martxa, eta Anoetatik sartuko da Tolosara. 17:30ean bizikletekin Anoetan elkartzea nahi dute, «azken zatia denok bizikletan egiteko». Edo, bestela, 18:30ean, Tolosako Trianguloa plazan jarri dute hitzordua. Ekitaldi xume batekin emango baitiote ongietorria bizikleta martxari. Asteartean, 09:00etan, Tolosatik Alegiarako bidea hartuko dute, Goierrira joateko.

Bestetik, maiatzaren 29an, larunbatean, manifestazioa deitu dute pentsiodunek Donostian, «pentsio, soldata eta bizitza duinak gizon eta emakumeentzako» aldarrikatzeko. 17:00etan Alderdi Ederren emango diote hasiera manifestazioari, eta eragileek bertara joateko eskatu dute, «aukera berdinak guztientzat» eskatzeko.

«Pertsona garen aldetik bizi-baldintza duinak izateko dugun eskubidea osasun eta soziosanitario-zerbitzuekin lotuta dago», esan dute, eta, horregatik, «gure osasuna bermatzeko, mendekotasuna zaintzeko eta artatzeko zerbitzuak eskatzen ditugu». Kalitatezkoak, publikoak, komunitarioak eta unibertsalak izatea nahi dute.



HIRU URTE MOBILIZAZIOETAN

Hiru urte pasa dira dagoeneko pentsiodunak «pentsio publiko, duinak, bidezkoak eta nahikoak» bermatzeko mobilizatzen hasi zirela; «honen inguruan Espainiar Gobernuak urrats irmorik ez ematea» lotsagarria izan dela azpimarratu dute.

Pentsiodunek hiru urte hauetan dituzten eskaera nagusiak zerrendatu dituzte pentsiodunen aldarrikapenekin bat egin duten eragileek. Hasteko, 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformen eta 2010eko eta 2012ko lan-erreformen murrizketak indargabetzea nahi dute. Horrez gain, 2021erako iragarritako murrizketa berriak eta Escrivá jaunak sustatutako Pentsio Publikoen Sistemaren «pribatizazioa» gaitzestea eskatzen dute.

Hamabostero kalera ateratzen dira eskualdeko pentsiodunak, eta aldiro errepikatzen dute «gutxieneko pentsioa 1080 euro eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata 1200 euro» izatea. Nola ez, «soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala» amaitzea exijitzen dute, eta «ezkontidearen pentsioaren %100a» alarguntza-pentsiora bideratzea.

Beste eskaeretako bat dute Erretiro aurreratua, Kongresuan eta Autonomia Erkidegoetako Parlamentuetan onartutako legez besteko proposamenen arabera kotizatutako 40 urterekin, zigortu gabe onartzea. Eta azkenik, pertsonek bizi-baldintza duinak eta osasun-zerbitzu publikoak eta zerbitzu sozio sanitarioak izateko duten eskubidea bermatzea eskatzen dute, «gure osasuna bermatzeko».

DEIALDIAK

Maiatzak 24, astelehena
17:30. Anoetan, bizikletarekin.
18:30. Tolosan, ongi etorria pentsiodunen bizikleta martxari.

Maiatzak 29, larunbata
17:00. Manifestazioa, Donostian, Alderdi Ederretik hasita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!