«Animaliak ez dira aktoreak; ezin ditugu gidatu»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko api. 21a, 07:57

Zinemarekiko eta naturarekiko duen grinak Avis Productions ekoiztetxea sortzera bultzatu zuen Lexeia Larrañaga.

Orain, bere sormena eta ingurumenarekiko duen ikuspegia islatuz, Natura bizia dokumentala osatu du, Euskal Herriko natura basati eta bereziena erakusteko. Duela egun gutxi estreinatu zuten, eta «harrera oso ona» izan duela dio.

Zer dela eta erabaki zenuen dokumental bat egitea?

Lau urte dira ideia garatzen hasi ginela, Euskal Herrian dugun biodibertsitatea benetan ezagutarazteko asmoz. Kaletarrei, etxetik gertu natura ikusgarria dugula erakustea da helburua, ez dela beharrezkoa paradisuzko lekuak bisitatzea. Hemen ere toki liluragarriak ditugu, babestea merezi dutenak.

Nolako lana izan da?

Filmatu ditugun animalia guztiak basatiak dira. Orduan, denbora tarte handia eskatzen duen lana da; urtaroak ere aldatuz doaz, eta herrialde edo klima batetik besterako animalien joan-etorriak etengabeak dira. Ez dira aktoreak, eta ez dute egiten zuk nahi duzuna; ezin ditugu gidatu. Jarraipen bat egin behar zaie filmatzen hasi aurretik: nondik nora dabiltzan ondo identifikatu, kamera ezberdinak ipini, eta azkenik, pazientzia handiz, mugimenduak egitera itxaron.

Jardunaldi luzeak izan dira. Tarteka, ibilaldi luzeak egin behar izan ditugu mendietan, baita tenperatura baxuetan geldirik egon ere. Beste batzuetan, ezer grabatu gabe itzuli behar izan dugu etxera. Ondorioz, gogorra da, baina gerora, irudiak grabatzeak ikaragarri asetzen du. Hori bai, momentu bakoitza behar bezala aprobetxatzea eskatzen duen lana da.

Bizia al da Euskal Herriko natura?

Bi esanahi ditu izenburuak. Batetik, bizirik dagoen natura da Euskal Herrikoa, eta aldi berean, gu naturaren parte garen moduan, gure bizitzaren parte da.

Geroz eta ikusgarriagoak izaten dira mota honetako dokumentaletako irudiak...

Bai, baina baditu bere alde ilunak. Askok, adibidez, baimenik gabe eta hegaztien ibilera trabatu dezaketen lekuetan erabiltzen dituzte dronak, eta hori ez da etikoa. Errespetuz eta elkar zainduz jokatu behar dugu. Gainera, ezinbestekoa da irudi horien atzean istorio bat kontatzea.

Dokumentalaz gain, telesail bat ere ekoitzi duzue.

ETB-n eskainiko da; ordubeteko zortzi atal izango dira, adituen hitzekin, eta Alberto Iñurrategik aurkeztuko du. Euskal Herriko gune ezberdinak bisitatuko ditu.

Erlazionatuak

Naturarekiko harremana areagotzeko zinema jaialdia

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 api 15 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!