Naturarekiko harremana areagotzeko zinema jaialdia

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko api. 15a, 18:59

Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren I. Erakustaldia antolatu du Aldundiak, datozen egunetarako. Zortzi herritako aretoetan eskainiko dira filmak, tartean, Tolosan; gainera, film laburren lehiaketa irekia antolatu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren I. Erakustaldia antolatu du, apirilaren 13tik 23ra. Gipuzkoa Naturaldia proiektuaren parte da Gnat Zinema jaialdia, eta gaur aurkeztu dute Tolosako udaletxean, Leidor aretoan ospatuko baita lehen edizioaren amaiera ekitaldia. "Orotariko herritarrentzako ekitaldi eta baliabide-programa da, naturarekiko eta, bereziki, Gipuzkoarekiko lotura bultzatzeko", adierazi du Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak.

Tolosan ez ezik, lurraldeko beste zazpi herrietan eskainiko dira emanaldiak: Azpeitin, Deban, Donostian, Eibarren, Errenterian, Oñatin eta Zumaian. Horietan, naturarekin lotutako hamar film proiektatuko dira: Dehesa, Mountain, Artifishal, The Wild Thing, Los Plástico, Out Of Plastic, Natura Bizia, The Sacred Place Were Life Begins, Burbunak eta Etsayak y David Attenborough: Una Vida en Nuestro Planeta. Sarrera doakoa izango da saio guztietan, baina aldez aurretik eskuratu behar dira gonbidapenak, esteka honetan.

Tolosaren kasuan, bi film proiektatuko dira. Bihar, hilak 16, izango da lehen emanaldia, Topic-en: Joaquin Gutierrez Achak zuzenduriko Dehesa filma ikusteko aukera izango da. "Wanda films ekoiztetxearena da, eta Iberiar Penintsulako zonalde ezezagunena erakusten du", adierazi du Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatuak.

Apirilaren 23an, berriz, amaiera ekitaldiaren barruan, Lexeia Larrañagak eta Alexander Gutierrezek zuzendutako Natura Bizia filma eskainiko da Leidor aretoan. "Ongien kontserbatutako txokoak, biodibertsitate ikusgarriena eta Euskal Herriko egoera basatienean dagoen fauna erakusten du. Itsaslabar bertikalek, itsaso amaigabeak, magiaz betetako basoek eta kareharrizko mendi handiek bizipen ahaztezinez gozatzeko aukera emango digute", azaldu du ingurumen diputatuak. Emanaldiaren amaieran, Leidorren bertan zuzendariekin hitz egiteko eta lanaz hausnartzeko aukera izango dute ikusleek.

Tolosa, ezin aproposagoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak, urteak daramatza natur jardunaldiak antolatzen. "Oraingoan, zinema erakusketa batekin gatoz, tolosarrak naturarekiko dituzten harremanetan sendotzeko eta ingurumenarekiko errepestuan eta jasangarritasunean oinarritutako balioetan hezteko”, adierazi du diputatuak. Antolatzaileek adierazi dutenez, "gertuen dugun naturaren kalitatea zabaltzea" da jaialdiaren helburua. "Gizarteak naturarekin erlazionatzeko dituen formak ezagutzea nahi dugu, hala nola, natura gizateriaren kulturan, naturan dugun aztarna, pertsonen eta animalien arteko lotura edota haurrak eta natura", gaineratu du Amantegik.

Asensiok adierazi duenez, “Gnat Zinema proiektu irekia da, sorkuntzaren dibulgaziotik hasita, naturaren defentsan lan egin behar dela pentsatzen dutenei eskainia”. Era berean, azpimarratu du “ekimen honek, meditaziora, errealitateari buruz kontzientziatzera, eta nor garen eta gure ingurunearekin nola erlazionatzen garen hausnartzera gonbidatzen gaituela”.

Amantegik azpimarratu du Tolosak "harreman berezia" duela naturarekin, mendiarekin, gure ingurunearekin eta tradizioekin. "Naturak, kulturak edota turismoak erakartzeko ahalmen handia dute gurean, eta nabaria da lotura estu hori, urte osoan zehar antolatzen diren ekimen eta jardueren bitartez”.

Lehiaketa, gipuzkoarrentzat

Zinema saioez gain, Gipuzkoako gazte eta helduentzako lehiaketa bat antolatu dute, eta bi maila izango ditu. Lehenengoan, lurraldeko ikastetxeetako DBH-ko ikasleek hartuko dute parte. Hurbilen dugun naturarekin dugun harremanari buruzko 3-5 minutuko film labur bat egin beharko dute. Maiatzaren 7ra arte jasoko dira proposamenak, eta ekainean egingo den sari banaketan ezagutuko da irabazlea. Asensiok berak, Aldundiko Ingurumen Saileko Zuzendaritzako kideek eta Donostiako Zinemaldiko ordezkariek osatuko dute epaimahaia. Saritutako lana, 2022an ospatuko den Naturaren eta Ingurumenaren Zinemaren bigarren edizioan eskainiko da; era berean, lehiaketako parte-hartzaileek Aldundiaren opari-sorta bana jasoko dute.

Bestalde, lehiaketaren bigarren kategoria, 18 urtetik gorako herritarrentzat eskainia izango da. Iraupen bereko ikus-entzunezko bat egin beharko da, gure inguruko naturaren esentzia islatzen duena. Saridunak, 6.000 euro jasoko ditu dirutan, naturari buruzko 15-30 minutu bitarteko ikus-entzunezko bat garatu dezan. Saridunak garatuko duen lan hori, GnatZinema 2022 jaialdian aurkeztu eta eskainiko da. Kasu honetan, Asensiok, Edurne Pasaban alpinistak, Coro Odriozola Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteko koordinatzaileak eta Donostia Kulturako Zine Unitateko eta Donostiako Zinemaldiko ordezkariek osatuko dute epaimahaia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!