SAPERE AUDE

Goizean esnatu ezinik ibiltzen direnei…

Erabiltzailearen aurpegia Ane Amundarain 2021ko api. 25a, 16:58

Esan, irakurleok: nolakoa da zuen ordulari biologikoa? Oilarraren kantuarekin batera esnatzekoak al zarete? Edo, hontzak bezala, gauetan Netflix-en konpainian eguna jaio arte gera zaitezkete? 

Seguruenik, denok ezagutuko duzue bi talde hauetakoren batean guztiz identifikatzen den pertsonaren bat. Izan ere, noiz jaiki eta noiz lokartu erabakitzea ez dago gure borondate-indarraren esku soilik… Edo, zenbatetan, hiru iratzargailu jarrita ere, ez gara lanerako goiz esnatzeko gai?

Bada, kronobiologia izeneko zientziaren adarrak erritmo biologiko hauek ikertzen ditu, maila molekularretik hasi eta organismo osoen mailaraino. Erritmo biologikoak organismo bizi guztietan agertzen dira, bakterio txikienetik hasi eta gizakionganaino, eta lo/esna-aldi periodoak erregulatzeaz gain, gorputzeko tenperaturan, hormonen erregulazioan, metabolismoan eta beste hainbat oinarrizko funtziotan ere eragina dute. Ia izaki bizidun guztiek 24 orduko egun eta gau zikloari lotutako jarduera eta atseden periodoak dituzte. Gizakion kasuan, printzipioz, egunez aktibo gaude eta gauez atseden hartzen dugu, 24 orduero zikloa behin eta berriz errepikatzen delarik. Ziklo hauei erritmo zirkadiarrak deitzen zaie. Eta, esan bezala, ia bizidun guztietan aurkitzen dira. Denok baikaude sinkronizatuta…

Gizakiotan, erritmo zirkadiarren zuzendari nagusia gure garunean aurkitzen den 'ordularia' da.


Gizakiotan, erritmo zirkadiarren zuzendari nagusia gure garunean aurkitzen den ordularia da. Ordulari hau nukleo suprakiasmatikoko 10.000-20.000 neuronak osatzen dute, eta bere funtzioa organismoko zelulei eguna edo gaua den, hau da, zer ordu den adieraztea da. Izan ere, gure organismoko zelula bakoitzak ere bere ordulari partikularra dauka, ordulari geneek (CLOCK genes) osatzen dutena. Gene hauek atzeraelikadura edo feedback bukleak osatzen dituzte, eta hauen adierazpen-mailak egunean zehar aldatuz doaz 24 orduko zikloak osatu arte. Hau da, eguneko orduaren arabera gene hauen aktibitatea aldatuz doa, eta horrela zelula bakoitza badaki zer ordu den. Ordulari gene hauek milaka generen adierazpena kontrolatzen dute, izan ere, eguneko momentu bakoitzean gure zelulek funtzio ezberdinak burutzen dituztenez martxan behar ditugun geneak ere ezberdinak baitira. Esaterako, gure neuronek esnatu berri gaudenean edo lotara goazenean egin behar dituzten lanak ezberdinak direnez, beraietan gene ezberdinak adieraziko dira unearen arabera. Eta hau ordulari zelularrek kontrolatzen dute. Hala ere, ikusi da ehunaren arabera ordulari zelular hauen funtzionamendua ezberdina dela, ordulari guztien erregulazioa ikaragarri konplexua izanik. Esan dezagun ehun bakoitza bere martxan doala, baina azkenean lan guztiak bakarrean integratzen dira gure organismoan funtzio jakin bat burutzeko.

Erritmo biologikoen genetika ikaragarri konplexu eta interesgarria bada ere, goazen interesatzen zaigunera. Zergatik oporretan ere goizeko zazpietan esna nago? Ikusi da bai ordulari gene nagusientzat eta baita hauekin elkar ekiten dute gene laguntzaileentzat, indibiduo ezberdinen artean geneen sekuentzietan ezberdintasun handiak daudela, aldakortasun honek erritmo zirkadiarren ezaugarriei eragiten dielarik. Hau da, gene sekuentzia bat edo bestea izateak pertsona goiztiarra edo gauaren maitalea bihur zaitzake. Hala ere, inguruneko faktoreek (estresa, lo falta, lan-orduak, elikadura,..) eragin handia dut gure ordulari biologikoen funtzionamendu egokian. Zalantzarik gabe, alor honetan oraindik erantzunik gabeko galdera asko dago, baina utzi aurretik gomendio lasaigarri bat luzatu nahi nizueke. Hurrengoan, lanerakoan esnatu ezinik baldin bazabiltzate ez bota errurik borondate indar eskasari… zuen geneak horretarako diseinatuta baitaude!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!