Tolosako kultur agenda biziberritzeko eta osatzeko helburuarekin, Aste Santuko pazko asterako, ToloFolk jaialdia antolatu dute. Duela 15 egun aurkeztu zuten jaialdia pandemia egoera bete-betean sortutako egitasmoa da. Jeajeaka kultur elkarte sortu berriak, Tolosako Udalaren laguntzarekin eta babesarekin atera du aurrera.
Apirilaren 7tik 11ra izango dira ekitaldiak, Tolosako plaza eta leku ezberdinetan. Musika eta dantza uztartzen dituen egitaraua da aurkeztu dutena, eta Tolosako, Gipuzkoako eta atzerriko talde eta artisten parte hartzea izango da.
Kulturaren aldeko apustua egin dute, eta Tolosa kultur arloan erreferente izaten jarraitzeko dela esan du Izarne Iglesias zinegotziak: "Tolosa sozioekonomikoki eta kulturalki biziberritzeko horrelako ekimenak ezinbestekoak dira”.
Kultura herrikoiari eta oro har kulturari oihartzuna eta indarra emateko helburuarekin sortutako ekimena dela azpimarratu du Iglesiasek, eta "kultur arloko talde, eragile eta artisten artean sinergiak sortu eta areagotzekoa".
Jaialdia aurkezteko kultura zinegotziak alboan izan ditu Jeajeaka kultur elkarteko ordezkari diren Xanti Nazabal, Zigor Sagarna, Manex Urruzola eta Garikoitz Llobregat, eta baita egitarauan parte hartuko duten artistetako batzuk ere, Jon Garmendia, Iraide Ansorena eta Alan Griffin.
Ikuskizun bereziak
Xanti Nazabal Jeajeaka kultur elkarteko ordezkariak aurkeztu du egitaraua, eta lehen ekitaldia didaktikoa izango dela azaldu du, Luis Astiazaran soinu konpontzailearen eskutik.
Jarraian, apirilaren 8tik aurrera kontzertuak izango dira. Lehena, Zamoratik etorriko den Luis Antonio Pedrazarena izango da. Instrumentu ezberdinak joko ditu, eta laguntzaile moduan piano jotzaile bat eta bi dantzari izango ditu. Zamorako herri dantzak eta herri musikaz gozatzeko aukera izango dela esan du Nazabalek.
Ostiralean, apirilaren 9an, Eneko Dorronsoro, Fredi Pelaez eta Peio Irigoienek kontzertua eskainiko dute. Larunbatean,bi ikuskizun izango dira. Eguerdian, Asturiastik etorriko den Hector Bragak bakarkako kontzertua eskainiko du. Honek ere instrumentu ezberdinak jotzen ditu, eta ikuskizun "berezia" eskainiko duela adierazi dute. Arratsaldean, berriz, Oreka TXen eskutik Koklea ikuskizuna izango da.
Azken egunean, igandean, Udal Txistulari Bandak eskainiko du emanaldi berezia lehenik eta behin, eta jaialdiari itxiera emateko irlandar eta euskal doinu zaharrak izango dira entzungai Tolosan. Turlach taldeak, hau da, Alan Griffin, Iraide Ansorena, Arkaitz Miner eta Juanjo Otxandorenak osatutako taldeari, herriko artistak batuko zaizkie ezusteko moduan.
Nabarmendu dutenez, "kontzertu guztiak gonbidapenekin izango dira, eta bibe plataformaren bitartez edo kultur etxera joanda eskuratu beharko dira", baina, Oreka TXaren Leidorreko kontzertua aparte izango da, eta kutxaren bidez erosi beharko direla azaldu dute, eta 10 euro ordaindu beharko da. Aldiz, beste kontzertu guztiak doakoak izango dira.
Gaurtik aurrera, guztiak daude eskuragarri eta pertsona bakoitzeko gehienez ere bi hartu ahal izango dira aldi berean.
Agerraldia zuzeneko musika joz amaitu dute.
Egitaraua:
Apirilak 7, asteazkena
- 19:00. Luis Astiazaranen hitzaldia eta erakusketa, kultur etxean. (Gonbidapenak: https://labur.eus/5Ycju)
Apirilak 8, osteguna
- 19:00. Luis Antonio Pedraza (Zamora), Plaza Berrian. (Gonbidapenak: https://labur.eus/XPUHU).
Apirilak 9, ostirala
- 19:00. Eneko Dorronsoro, Fredi Pelaez eta Peio Irigoien, Plaza Berrian. (Gonbidapenak: https://labur.eus/zEO1t).
Apirilak 10, larunbata
- 12:00. Hector Braga (Asturias) Plaza Zaharrean. (Gonbidapenak: https://labur.eus/4mP0g).
- 19:00. Oreka TX, Koklea emanaldia, Leidor antzokian.
Apirilak 11, igandea
- 12:00. Udal Txistulari Banda, Berdura plazan. (Gonbidapenak: https://labur.eus/2jHJb).
- 19:00. Turlach: Alan Griffin, Arkaitz Miner, Juanjo Otxandorena, Iraide Ansorena eta herriko artistak, Plaza Berrian. (Gonbidapenak: https://labur.eus/aHqRU).