ToloFOLK kultura jaialdi berria aurkeztu du Jeajeaka kultur elkarte eratu berriak. Pazko astean izango da, apirilaren 7tik 11ra bitartean, eta zazpi emanaldi izango dira herriko gune eta plaza ezberdinetan. Datozen egunetan zabalduko dute egitaraua.
Tolosako agenda kulturala biziberritzeko sortu da jaialdia, pazko astean zegoen kultur "hutsunea" betetzeko asmoz. Musika eta kulturaren bueltan dabiltzan hainbat lagun elkartu eta Jeajeaka kultur elkartea sortu berri dute. Elkarteko ordezkariak dira, besteak beste, Manex Urruzola eta Garikoitz Llobregat. "ToloFOLK kultura herrikoiaren eta munduko musiken jaialdia izango da, Tolosa erreferente bilakatzeko asmoz", esan dute. Musika "hizkuntza unibertsala" dela gogorarazi du Urruzolak, eta pentsatzen dena baino dibertsitate "gutxiago" dagoela munduan zehar, ezaugarri "antzekoak" dituztelako.
Jaialdirako Tolosako, Tolosaldeko eta Gipuzkoako artistak gonbidatuko dituzte, eta atzerriko artisten parte hartzea ere izango du. Urruzolak esan duenez, artisten artean sinergia sortzea ere bada helburuetako bat. Llobregatek gehitu du aurrera begirako bokazioarekin prestatu dutela jaialdia, "folkaren inguruko artistei ikusgarritasuna emateko". Hiru zutabe nagusi zehaztu dituzte kultur ekintzarako: ludikoa, didaktikoa eta irekia eta parte hartzailea behar duela izan.
Tolosako Udalaren babesa
Jaialdiak Tolosako Udalaren laguntza izango du, eta Olatz Peon alkateak gogorarazi du kulturaren aldeko "apustu irmoa" egiten jarraitzen dutela. Iaz, Suspertu Planaren baitan, herri dinamizaziorako eta kultur eragileen lana babesteko egitarau bereziak antolatu zituzten, eta aurten, kultura eta kirola babesten eta sustatzen jarraituko dutela esan du Peonek. Kultura Plazara egitasmoa, esaterako, zabaldu egingo da denboran eta edukiari dagokionean; ekainetik urrira bitarteko iraupena izango du eta kultur arlo ezberdinei lotutako ekitaldi eta ikuskizunak barnebilduko ditu. "Tolosaren biziberritze sozioekonomiko eta kulturalerako, Kultura Plazara eta ToloFOLK bezalako egitasmoak ezinbestekoak dira, Tolosak kultur arloan erreferente izaten jarrai dezan", azpimarratu du.