Tolosaldea traineruak dagoeneko martxan du denboraldia eta bere lehen jaitsierak egin ditu, lehenengoa Hondarribian eta bigarrena Legution. Bietan bosgarren postua lortu zuten. Patxi Frances entrenatzaileak azaldu duenez, «jaitsierek pixkana lehiaketaren erritmoa hartzeko balio dute, eta gure kasuan, taldean aldaketak egiteko, denek lehiatu ahal izateko». Hondarribian «estropada polita» atera zela dio Francesek, eta Legution ez zela nahi bezala atera saioa esan du: «Lehen mila metrotan estropadan geunden, eta ziabogan ere bai, Donostiarratik hiru segundora, baina gero nekea ere etorri zen. Azken finean, taldea osatzea falta zaigu, lanari jarraipena emango diona estropadan. Orokorrean pozik nago».
Lehian hasteko gogoa zuten, Irati Lizeaga arraunlariak azaldu duenez: «Ez geunden oso seguru ateratzeko aukera izango genuenik, lehen bi jaitsierak atzeratu egin zirelako, baina azkenean izan dugu ureratzeko aukera. Negua luze egiten da, eta jaitsiera hauek lagundu egiten dute gero udan etorriko denari begira». Beste taldeen aurrean nola dauden ikusteko balio duela gaineratu du, eta gorputza estropadetara ohitzeko. Bi jaitsieretan emaitzak «onak» izan direla esan du Lizeagak: «Hondarribian gure ligakoen artean aurrenak geratu ginen eta Legution bigarrenak. Momentuz irakurketa ona da. Gero udan aldatu daitezke gauzak. Baina, behintzat, gustura egin ditugu eta hortxe gaudela ikusten da».
Beste bi jaitsiera falta zaizkie Tolosaldeakoei. Asteburu honetan Orion dute eta ondoren, martxoaren 27an, San Pedrokoa. «Aurten arraunlari asko ditugu, eta saiatuko gara denek parte hartzea, denak gustura egotea, horregatik entrenatzen ari dira eta», esan du Francesek.
Iaz bezala, San Pedro klubeko azpiegiturak erabiltzen ditu Tolosaldeak, Tolosan ez baitute traineru batek eskatzen duena entrenatzeko. «Ondo zaintzen gaituzte», esan du Lizeagak. «Orain ostiraletan eta asteburuetan joaten gara, eta ohitu bezala egiten zara. Hori da daukaguna eta horretara ohituta gaude».
«ELKARRENGAN SINISTEA»
Benetako lehiaketa ETE ligarekin iritsiko da, ekainaren bukaera edo uztailaren hasiera aldera. Iazkoan aise irabazi zuten liga Tolosaldeakoek, hamabi banderetatik bederatzi lortuta. «Aurreko urteko denboraldia sekulakoa izan zen», esan du Francesek. «Behin denboraldia bukatu zenean konturatzen zara zer egin genuen, eta hori errepikatzea oso zaila da». Gainera, emakumezkoen arraunaren maila asko igotzen ari dela esan du entrenatzaileak: «Traineru oso indartsuak daude, errefortzuekin, eta maila oso altua izango dela ikusten da. Gogo guztiekin joango gara, baina zaila izango da. Zumaia, Hibaika, San Juan eta Deustu bezalako taldeak hor izango dira lehian». Hori bai, arraunlariak oso ondo ari direla lanean gaineratu du: «Oso bateratuta daude, eta ea lortzen dugun daukagun ahalmen guztia erakustea».
Lizeagak ere bat egiten du giroak duen garrantzian: «Exijentzia handiko kirola da, dedikazio asko eskatzen duena, eta kontuan izan behar da gazteak garela. Beraz, taldekideekin harreman ona izateak asko laguntzen du aurrera egiteko. Elkarrengan sinisteak, eta elkarrekin arraunean egiterakoan, ondokoak dena emango duela jakiteak asko laguntzen du». Ligan maila etengabe igotzea seinale ona dela esan du Lizeagak. «Helburua mailaz igotzea da. Denok dugu gogo handia Eusko Tren ligara igotzeko eta iaz hain gertu izateak zer sinistua eman digu gurea izan daitekeela aurten postu hori».
Iaz ligan nagusi izan baziren ere, gero Eusko Tren ligara igotzeko lehia ez zen nahi bezala atera. «Ni ziur nengoen igo egingo ginela», esan du Francesek. «Ibaian lehiatzen ginen, eta bagenekien gure trainerua ondo moldatzen zela hor, baina gertatu zen gertatu zena. Aurten berriro saiatuko gara, baina lehen esan bezala, zaila izango da. Ondo ari gara, ondo doa trainerua, baina urtero izaten da ezustekoren bat. Halere, orain eguneko lanari begiratzea egokitzen zaigu».
Liga propioa egiten ari dira Oria ibaian
TAK taldeko batelak ez dira aurten Gipuzkoako Ligan lehiatuko. «Arraunlari asko elkartzen dira jardunaldi horietan, eta kutsatzeko arriskua dago», azaldu du Sabino Alijostes TAKeko lehendakariak. «Hasieratik genuen horrela pentsatuta. Hiru edo lau estropada bertan behera geratu ziren hasieran, dena itxita zegoelako». Pasaian bi egitekoak ziren baina ez zuen baimenik eman bertako udalak. Gero Zumaian, baina bertako udalak ere ez zuen baimenik eman. «Txapelketak hasi aurretik, ligako bi edo hiru jardunaldi egiteko aukera besterik ez dago», zehaztu du Alijostesek.
Baina TAKeko arraunlariak ez daude geldirik egoteko. Batel ugari daude klubean, eta erabaki dute liga moduko bat egitea, Oriako uretan. Ostegun eta ostiraletan hartzen dituzte denborak, eta horiek gero federazioari bidaltzen dizkiote. «Tolosan batelen jardunaldia estropada antolatu izan denean bezala egiten dugu, batelak minuturo ateraz», esan du Alijostesek. «Astero egingo ditugu denbora hartze horiek. Infantilak ostegunetan ari dira, eta kadeteak eta jubenilak ostiraletan. Mailak aparte ari gara mantentzen, ez nahasteko beraien artean, eta segurtasun neurriak hartuta».
Batelen denborak hartuz, gutxienez nola dabiltzan jakin dezakete, eta txapelketetara joaterakoan behintzat erreferentzi batzuk izateko. «Beste urteetako denborak ere baditugu, eta horiekin ere konparatu daiteke, ikusteko ze mailatan dauden», zehaztu du Alijostesek. Infantiletan guztira lau batel daude, nesken hiru eta mutilen bat. Kadeteetan sei batel, horietatik neskena lau eta mutilena bi. Eta jubeniletan hiru, horietatik bi nesketan eta bat mutiletan.
Denborak hartzeaz gain, lehiaren tentsio hori izatea ere nahi dute klubetik, txapelketei begira prestatzen joateko. Hain justu, Gipuzkoako Txapelketa apirilaren 10ean eta 11n izango da. Ondoren, Euskadiko Txapelketa apirilaren 17an eta 18an, eta Espainiako Txapelketa maiatzaren 1ean eta 2an.