Datorren astelehenean, hilak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko sail ezberdinen parte hartzearekin, elkarlanean osatutako egitaraua aurkeztu dute, goizean, Tolosako Udaleko alderdi guztietako ordezkariek. Egungo egoerara egokitutako ekintzak antolatu dituzte, beharrezkoak diren segurtasun eta prebentzio neurriak bermatuz.
Olatz Peon Tolosako alkateak adierazi duenez, egitaraua, "genero zeharkakotasuna udaleko barne kulturan txertatzeko egiten ari garen lanketaren eta urratsen adierazle da, legealdiko helburuetako bat delako politika publikoen diseinu eta garapenean ikuspegi feminista barneratzea eta genero berdintasuna zeharkakotasunez lantzea".
Alkateak adierazi du oraindik berdintasun alorrean bide luzea dagoela egiteko, "hainbat alorretan hobekuntzarako tarte handia baitago". Hori dela eta, azaldu du udalak "irmoki" jarraituko duela parekidetasunaren aldeko lanketa egiten eta sustatzen, emakume eta gizonen arteko berdintasuna berresten duten ekintzak aurrera eramaten. "Beharrezkoa da parekidetasunaren aldeko konpromisoa berrestea, eta bereziki, emakumeok berdintasunaren aldeko lana aitortzea, gizarte ereduaren aldaketarako herri inklusiboago, orekatuago eta berdinzaleago baten alde".
Joxe Mari Villanueva zinegotzi sozialistak, bere aldetik, prebentzio neurri guztiak kontuan izanik, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzera gonbidatu du herritar oro. "Martxoaren 8a egun garrantzitsua da guztiontzat. Horregatik, herritarrei dei egiten diegu aldarriekin bat egin dezaten, eta martxoaren 8aren bueltan antolatutako ekimenetan parte hartu dezaten. Bestetik, mobilizazioetan parte hartu behar dutenei, elkar zaintzeko eta segurtasun neurriak zorrotz errespetatzeko eskatzen diegu".
EGITARAUA
Martxoak 5, ostirala.
19:00. Txanogorritxotik otso emera antzezlana, Leidorren, Aitziber Garmendiaren eskutik.
Martxoak 6, larunbata.
19:00. Entre nosotras filma ikusgai, Leidorren.
Martxoak 7, igandea.
19:00. Entre nosotras filma ikusgai, Leidorren.
Martxoak 8, astelehena.
17:00-20:00. Itzalpeko Emakumeak erakusketako emakumeen biografiak Wikipedian txertatzeko tailerra, Aranburu Jauregian, Tolosaldepedia proiektuaren baitan. Beharrezkoa da norberak bere ordenagailua eramatea.
Martxoak 9, asteartea.
19:00. Mahai ingurua, Zoom bidez. Gaia: Zaintza-sistema publiko baterako ekarpen feministak, erantzukizun partekatua eta kolektiboa. Hizlariak: Matxalen Legarreta, EHUko Soziologia eta Gizarte Laguntza Saileko irakaslea; Lore Lujanbio, EHUko doktoregaia eta militante feminista; eta Jone Arrazola, Emagineko kidea eta Bizitzak Erdigunean Koordinadorako kidea. Mahai ingurura sarbidea lortzeko, berdintasuna@tolosa.eus helbidera mezua idatzi edo 943 670 383 telefonora deitu behar da.
Martxoak 15, astelehena.
18:00. Jabetze Eskolaren barruan, Andrezaharren Manifestua liburuaren inguruko solasaldia, kultur etxeko areto nagusian, Mari Luz Esteban eta Uxue Alberdi idazleen eskutik.
Martxoak 22, 23, 24, 25 eta 26.
Zinegoak, Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiaren baitan, emakumeek zuzendutako sei film labur ikusteko aukera izango da, online. Ekimen honetara sarbidea lortzeko, berdintasuna@tolosa.eus helbidera mezua idatzi edo 943 670 383 telefonora deitu behar da.