Bada ia urtebete egoera akigarri batean bizi garela, etorkizun zalantzazkoa eta aldi berean kezkagarria inposatzen digun pandemia honek eraginda. Esan dezakegu krisi multidimentsional eta sistemiko bat bizitzen ari garela, aurrekaririk gabea, eta krisi hori gurutzatu eta erlazionatu egiten dela lehenagotik zetozen beste krisi batzuekin, hala nola, krisi ekologikoarekin eta zainketenarekin.
Mugimendu Feministak eta emakumeen kolektiboek bi hamarkada daramatza zainketen krisiaz hitz egiten. Baina berriz ere, pandemiak agerian utzi du emakumeek beren gain hartu dutela funtsezko lanen kargaren zatirik handiena, eta, horrez gain, emakumeak izan direla, funtsean, borrokaren lehen lerroan egon direnak eta birusaren eraginpean gehien egon direnak. Aldi berean, emakumeak izan dira beren enpleguak galdu dituztenak (2020an pandemiak etxeko 103.000 langileren lanaldiaren murrizketa partziala edo osoa ekarri zuen) edo are gehiago prekarizatu zaizkie beren lan-baldintzak, eta emakumeak izan dira indarkeria matxistaren gorakada jasan dutenak, beren etxeetan isolatuta.
Egungo testuinguru honetan, beharrezkoa eta premiazkoa da zainketen eta mendekotasunaren berrantolaketa sozialaren beharraz hausnartzea
Ezerk ez du bizitzaren zaintza baino garrantzitsuagoa izan behar. Eta pandemiarekin, muturreraino ahuldu eta prekarizatu da bizitza, bereziki pertsona zaurgarrienena. Horregatik, aurrekari horiek guztiak kontuan hartuta, Tolosako Udalak honako erabaki hauek hartu ditu:
1.- Beste administrazio batzuekin lankidetzan, aztertzea ikuspegi intersekzionaletik eta ikuspegi feministatik COVID19aren ondorioak eta pertsona eta kolektibo ahulenen egoera eta premiak, elkarteen sarearekin, emakume-taldeekin eta kolektibo feministekin, besteak beste, Tolosako Asanblada Feministarekin.
2.- Eztabaida publikoa ekitea, beste administrazio batzuekin lankidetzan, zainketen gizarte-antolaketako eredu berri bati buruz jarduteko eta lehen planteamendua diseinatzeko hainbat alderditatik begiratuta: zaintza nola konpondu planteatzeko betebehar kolektiboa; zaintza partekatzeko eta banatzeko betebeharra; norbanakoek zaintza bai edo ez aukeratzeko duten eskubidea; nora joan nahi dugun; zer bizitza bizi nahi dugun; zein diren funtsezko lanak eta emakumeek egiten dituzten lan horiek zergatik ez diren ordaintzen edo zergatik dauden gaizki ordainduta; zergatik jasotzen duen gutxien gehien zaintzen duenak; zergatik gehiago zaintzeak ahultasun sozioekonomikoko egoerara eramaten duen;
3.- Udalerrian proiektu pilotu bat abian jartzea,garatzeko zehazten diren helburuen artean, ikuspegi feministatik eta zaintzaren etikatik antolaketa-aldaketan inplikatutako gizarte-eragileak sentsibilizatzea eta ahalduntzea kontuan hartuko dituena. Besteak beste, kolektibo feministekin eta emakume-taldeekin elkarlanean aurrera eraman beharreko proiektu pilotua.
4.- Udalak ahal duen neurrian (bai tasa eta prezio publikoetan) fiskalitate progresibo baten alde egingo du, eta era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskaera egingo dio, genero-ikuspegitik, zerga-politika erreformatzeko lanketa egin dezan.
5.- Arreta bermatuko duten politika espezifikoak garatzea, bereziki bizitzan kalteberatasun handiena duten etapa eta zirkunstantzietan (mendetasuna, haurtzaroa, dibertsitate funtzionala, etab.) eta, aldi berean, zaintzaileen lan-eskubideak bermatuko dituen politika espezifikoak garatzea.
6.- Era berean, autonomia pertsonala sustatzen lagunduko duten neurriak ezartzea, pertsona kalteberenen bizi-baldintzak hobetzeko, haien narriadura fisiko eta psikikoa prebenitzeko, haien autoestimua sustatzeko, eta komunikazioa eta gizarte-harremanak bultzatzeko, bakardadea eta isolamendua saihestuta.
7.- Etxeko enplegua kontratatzeko aholkularitza- eta laguntza-zerbitzu publiko bat sortzeko bidean aurrera egitea, Langileen Estatutuaren eta lan-eremu horretan indarrean dagoen araudiaren aplikazioa bermatzeko. Honekin lotuta, Tolosako etxeko langileen egoera identifikatu eta aztertuko dugu, eta haien lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko programa integralak jarriko ditugu abian. Lankidetza eta bizikidetza horretarako funtsezkoa izango da Emakumeen Etxeak. giltzarri den proiektua, 2022rako ateak zabalik izatea.
8.- Udalak publiko egiten dituen argitalpen guztietan eta martxan jartzen dituen egitasmoetan berdintasun irizpideak bermatzea.
9.- Espainiako Gobernuari eskatzea aurten bete dezala hartu zuen konpromisoa Etxeko Gizarte Segurantzaren Sistema Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean erabat txertatzeko.
10.- Dauden zerbitzuak egokituko ditugu eta behar den heinean baliabide berriak sustatuko ditugu indarkeria matxistari aurre egiteko. Indarkeria jasan duten pertsonei arreta, zaintza eta erreparazioa eskaintzeko politikak indartuko ditugu. Izan ere, hau bai dela gurean aspalditik errotuta dagoen pandemia.
Honetarako guztirako, funtsezkoa izango da Tolosako Asanblada Feministaren eta herriko beste norbanako nahiz kolektibo feminista zabalen parte hartzea.
Nahi eta asmo hauen guztien irtenbidea ez da pandemiaren aurreko egoerara itzultzea, emakume gehienek lehenago ere bizi baitzuten diskriminazioa eta eskubideen urraketa. Orain da unea pandemian areagotutako larrialdiei erantzuna emateko; eta, aldi berean, guztiontzako bizitza duina bermatzea eta zaintzea lehentasuntzat joko duen antolaketa sozial, ekologiko eta ekonomikoko sistema bateranzko oinarri sendoak ezartzeko.