Imanol Rojo bere markak hobetzen doa Munduko Txapelketan

Ataria 2021eko martxoaren 5a

Iraupen eskiatzaileak 15 kilometroko proba egin du, skatin proban, eta 33. postuan amaitu du, orain arteko posturik onena lortuz distantzia horretan.

Imanol Rojok "oso pozik" dagoela azaldu du egindako lasterketarengatik: "Nire postu onena da distantzia honetan, Munduko Txapelketa batean. Atzean atera nintzen, 43 dortsalarekin, eta elurra gero eta motelago zegoen, eta horregatik lasterketa oso ona egin dut eta oso gustura nago lortutakoarekin".

Skatineko proba bere bigarrena izan da Alemanian jokatzen ari den Munduko Txapelketan. Aurrekoan, skiatloi proban, 30 kilometrokoan, 19. postuan amaitu zuen, orain arte lortu duen posturik onena Munduko Txapelketa batean. Igandean izango da hirugarren eta azken proba berarentzat, 50 kilometroko lasterketa klasiko eran. Distantzia horretan ondo moldatzen da tolosarra, eta beste emaitza on bat lortzeko asmoz aterako da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!