Emakumeen Mundu Martxan parte hartzeko aukera izan zenuten?
Oghogho Orumwense: Bai, Tolosan egin zen egitasmoan hartu genuen parte. Elkarretaratzean izan ginen. Espero dugu zabaldu nahi dugun mezua iritsi dadila heldu behar duen lekura. Eta horrela, ea gauzak pixkana aldatzen joaten diren.
Emakume migratzaileak izan ditu ardatz mundu martxak. Besteak beste, pertsona arrazializatuek pairatzen duten gizarte arrazismoa ez dela ikusten eta ez dela salatzen jaso zen, baina gertatu gertatzen dela. Zuek nabari duzue?
O. O.: Beti izaten dira kritikak, baina baita arraza berekoon artean ere. Gizarteari eskatzen dioguna da lehenik hobeto ezagutu gaitzala, aurreiritzi asko dagoelako eta askotan gezurrak direlako. Estatu ezberdin batera iristen zarenean eta zure jatorrizkoaren antzik ez duenean, ez da erraza izaten. Europako pertsona bat Afrikara bizitzera badoa ere, gauza bera pasako zaio, ez da bere betiko lurraldea izango, eta zaila izaten da hori. Baloratu egin behar da.
Jatorrizko lurraldea utzi eta helmuga berri batera iristeko, oztopo asko pasa behar izaten dira?
O. O.: Nik nire herrialdea utzi nuenean eta Europara bidean jarri nintzenean, uste nuen Europa osoan ingelesez hitz egiten zela. Baina hona iristean, ikusi nuen ez zela horrela. Iristean konturatu nintzen hitz egiten zen hizkuntza ez nuela ulertzen, eta gaztelaniaz hitz egiten ikasi behar izan nuen. Izan ere, komunikatu gabe nora iritsi zaitezke?
Espainiako atzerritarren legeak, gainera, zaildu egiten du zuen egoera.
O. O.: Esaterako, paperik gabe nola aurkituko dugu lana? Espainian paperik gabe ezin duzu lan kontratu bat sinatu. Legeak esaten du, hiru urte itxaron behar direla paperak lortzeko eta gero, aurrekontratua eskatzen du, eta oso-oso zaila da. Gainbegiratu beharra dago kontu hori, neurriak leundu beharko lituzkete. Prozesu oso luzea da gainera eta migratzaileok frustratuak sentitzen gara.
Estrella: Zein enpresarik kontratatu nahi du paperik ez duen langile bat? Nire kasuan, adibidez, ikasle bisarekin etorri naiz, eta hemen geratu nahiko banu, baina bisa balioa galduko banu, berriro hasi beharko nuke guztiarekin. Eta gainera, askotan, ez ditugun dokumentuak ere eskatzen dituzte.
Estatuaren sistema bera da aldatu beharrekoa?
E.: Neurriak leundu beharko lituzkete, bai, edo behintzat irtenbideak eman, lanik egin nahi ez dugula esan beharrean. Hemen gauden migratzaileok lan egin nahi dugu; gertatzen dena da ez dugula aukerarik. Zer gertatzen da orduan? Lanik prekarioenak egin behar izaten ditugula.
O. O.: Zaintza lanak, garbiketak, beste jende batek egin nahi ez dituen lanak egin behar izaten ditugu. Nahiz eta ikasketak edo prestakuntza izan, beti migratzaileok atzean jartzen gaituzte. Balioa kentzen digute. Nigerian, esaterako, espainiarrak bizi dira, ingelesak bizi dira, eta haiek hara doazenean inork ez die oztoporik jartzen, mundu guztia onartzen dugu. Lanera joaten dira, eta lanik hoberenak hartzen dituzte, izan ere, han ez daude hemen guri jartzen dizkiguten neurri berdinak. Hara iritsita, ez dago hiru urtez itxaron beharrik paperak lortzeko, hara iritsi eta segituan lanean has zaitezke. Hemendik joandakoak han erregeen pare bizi dira, eta hemen gu esklabo moduan bizi gara. Eta hori geldiarazi eta aldatu egin behar dugu.
Hor ikusten da estatuen artean badirela desberdintasunak.
O. O.: Asko sufritzen dugu. Afrikan bizi zarenean Europa zoragarria dela esaten dizute, dena errazagoa dela. Hori, ordea, ez da egia, eta aurreiritzi horiek ere aldatu egin beharko lirateke. Egia esan behar da; hemen gauzak ez dira errazak.
Zuek, hemen, elkarte bat duzue sortuta.
O. O.: Nigeriako emakumeen elkarte bat daukagu, Divina izena duena. Emakume migratzaileok integratu gaitezen borroka egiten dugu, informazioa elkarbanatzeko espazioa ere bada, nahi duguna lortu ahal izateko. Ikasketak egin nahi dituzten emakumeei ere babesa ematen diegu eta lana aurkitzeko laguntzen ere saiatzen gara. Bereziki, lanaldi erdiko jarduna aurkitzen saiatzen gara; izan ere, gehienok adingabeak ditugu etxean, eta modua aurkitu nahi dugu goizez soilik lan egin ahal izateko, haurrak eskolan dauden bitartean. Horrela, familian guk ere ekarpena egin dezakegu, eta ez daitezela soilik gizonak izan ekarpena egiten dutenak.
Berdintasunaren alde egiten duzue beraz.
O. O.: Emakumeak elkartzen gara, eta asko hitz egiten dugu ditugun arazoei buruz. Irtenbideak aurkitzen saiatzen gara eta gizarteari ekarpena nola egin diezaiokegun ere aztertzen dugu.
Oraintxe bertan, berdintasuna lantzeko formazio saio batzuk dituzue antolatuta.
O. O.: Tolosan hiru eguneko formazio saioak antolatu ditugu eta Ordizian bi egunekoak. Berdintasunaren inguruko saioak dira; emakumeok baldintza berak izatea nahi dugu, giza eskubide berak, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortu nahi dugu... Horren inguruan informatzen ari gara, emakumeok, elkarrekin. Tolosan, martxoaren 26an eta apirilaren 23an izango dira hurrengo saioak, 11:00etatik 13:00etara, kultur etxean. Izena ematea doakoa izango da eta 686 174 817 telefonoan egin daiteke, edo bestela mujeresdivinasnigerianas@gmail.com helbidera idatzita.