Bost urtez behin mundu osoa zeharkatzen duen Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herrian dabil azken asteotan. 27 eskualdetatik pasa eta gero, bihar agurtuko dute Irun eta Hendaia arteko zubian. V. Nazioarteko Ekintza horrek Euskal Herrian egin duen ibilbidea Tolosaldean hasi zuen, otsailaren 20an; Aiztondon egin zuen lehen geldialdia eta Tolosan bigarrena.
Honako leloa erabili dute aurten: Zubi guztien gainetik, mugarik ez! Transnazionalik ez!. Feminismoa, deskolonialitatea eta antiarrazismoa oinarri hartuta, mugen, transnazionalen eta migrazio politiken irakurketa kritikoa egitea izan du xede. Ikuspegi hori lantzeko dosier bat prestatu dute azken hilabeteetan Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sareak eta Hego Amerikako Multinazionalen Behatokiak, eta elkarrekin berrikusi dute Euskal Herriko Mundu Martxako talde dinamizatzaileak, Munduko Emakumeak Babel eta Nikaraguaren aldeko Sare Feministak.
Tolosako Asanblada Feminista: «Bizitzen ari garen egoera honetan, euren funtsezko lanari merezi duen balioa ematea nahi dugu»
Txosten hori jaso eta hausnartzeko tartea hartu dute, tokian toki, Aiztondoko Mugimendu Feministak, Tolosako Asanblada Feministak eta Altzoko Mariren Alabak talde feministak, eta horrela, emakume migratzaileen errealitatera gerturatzeko aukera bat izan dute. Ibarrako Deabruak Kalera Asanblada Feministak eta Anoetan, Herriko Emakume Taldeak aurrerago landuko dute gaia.
Aurtengo mundu martxan sinbolo gisa aukeratu den elementua zubia da: «Zubiek ez dute esanahi bera pertsona migratzaile guztientzat; izan ere, inoiz jendea konektatzeko baliagarriak izan ziren zubiak harresi bilakatu dira, eta ez dute pertsonen joan-etorria ahalbidetzen; gune horietan pertsonak diskriminatu, zapaldu, baztertu eta hil ere egiten dituzte».
Zubi beharrean harresi bilakatu diren guneak daude, beraz, munduan zehar. Eta nahiz eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak migratzea eskubide besterenezina dela jaso, herrialde askok, eskubide hori urratu egiten dute beraien legeriak aplikatzen dituztenean. Oztopoak jartzen zaizkie, eta dosierrean jasotzen da, migrazioa eteteko kausa nagusiak sozialak, ekonomikoak eta politikoak direla. Interesak, alegia.
Aiztondoko mugimendu feminista: «Argi dago ez zaiola berdin zerbitzatzen autoktono bati edo migratzaile bati»
Horren adibide da Europako aurrekontuen %4a migraziora, mugen kontrolera eta defentsara bideratuta egotea, edota gaur egun, Euskal Herrian kokatutako ehun enpresa inguruk armak fabrikatzea edo armetarako osagaiak ekoiztea. Tolosako Asanblada Feministari «mina» sortarazi dio hori jakiteak. Eta Altzoko Mariren Alabak talde feministako kideei ere egoeraren «gordintasunaz» jabetzeko balio izan die lanketak, «gure txikitasunetik eman ditzakegun pausoez ere hausnartu dugu».
Zubiaren bi aldeak
Zubiaren alde banatan nor dagoen ikusi behar. «Jendarte hipokrita batean bizi gara», diote Aiztondoko Mugimendu Feministako kideek: «Hemen badirudi jendea ez dela arrazista ezta klasista ere, baina gezurrak eta zurrumurruak egunerokotasunean ditugu kalean entzungai».
Zurrumurru horietako bat da, esaterako, migratzaileek diru laguntza guztiak jasotzen dituztela, autoktonoentzat batere utzi gabe. Bada, badira datuak hori gezurtatzen dutenak: «Txostenean jasota dago migratzaileek 1.525 miloi euroko ekarpena egiten diotela Euskal Autonomia Erkidegoko BPGari; hau da, laguntzetan jasotzen dutena baino 810 milioi gehiago». Eta horri gehitu behar zaio, lan prekarioenak, okerren ordaindutakoak eta esplotatuenak egiten dituztenak herritar migratu eta arrazializatuak direla.
Hala ere, migrazio irregularraren aurkako borrokan dihardu Europak. Kontuan hartu behar da, ordea, Europara sartzen diren pertsonen %4,5 baino ez daudela egoera administratibo irregular batean. «Modu irregularrean, paperik gabe dagoen jende asko, gaur egun indarrean dagoen legediaren ondorioz dago, eta oso zaila zaie paperak lortzea; kontziente izan behar gara ez dela migratuen borondatea, baizik eta ezintasun legala dela oztoporik handiena», diote Tolosako asanbladakoek. «Pertsonen egoera erregularizatzea, gainera, modu opakoan egiten da, gardentasunik gabe».
Atzerritarren legeak «trabak» besterik ez dituela jartzen salatu dute Aiztondoko feministek: «Argi dago ez zaiola berdin zerbitzatzen autoktono bati edo migratzaile bati». Lege horrek instituzionalizatzen du arrazismoa Espainiako estatuan eta Euskal Herrian; izan ere, muga juridiko eta administratiboak sortzen ditu pertsonen artean eta «paperdun pertsonak» eta «paperik gabeko pertsonak» bereizten ditu.
Migratzaileak hiru urtez egoera irregularrean bizitzera behartzen ditu atzerritarren legeak, izan ere, ezinbestekoa da erroldaren bidez estatuan bizi direla frogatzea baimen hori eskuratu ahal izateko. Horrek esan nahi du muturreko prekarietate egoeran lan egin behar izaten dutela askok, gizarte eskubiderik gabe. «Gurpil gezurti eta zoroa» bihurtzen dela esan dute Tolosako asanbladakoek. «Lana egin dezaten nahi izaten da, baina lan kontraturik gabe ezin dute lanik egin eta horretarako bertan denbora bat bizi izanaren agiriak behar dituzte».
Muga ikusezinak
Orain arte aipatuak begiekin ikusi daitezken mugak dira. Baina badira ikusezinak diren beste hainbat muga ere. Badira hainbat gizarte praktika, zuzenean zein zeharka migratzaileen edo pertsona arrazializatuen kontra gutxiago direla uste izateagatik gauzatzen direnak. «Migratzaileek eta pertsona arrazializatuek pairatzen duten gizarte arrazismoa ez da ikusten, eta gehienetan, ez da salatzen, eguneroko jokabide matxistekin gertatzen den eran». Besteak beste, honako ezaugarriak dira diskriminazioa sustatzen dutenak: azalaren kolorea, beloa janztea, beste hizkuntza bat erabiltzea, azentu desberdina izatea, beste jatorri bat izatea.
Mariren alabak talde feminista: «Egoeraren gordintasunaz jabetu eta gure txikitasunetik eman ditzakegun pausoez hausnartu dugu»
Hausnarketa horiekin guztiekin, beraien buruak interpelatu zituzten, esaterako, Tolosako feministek: «Indarkeria hau elikatzen gu ere ari ote garen galdegin genionean geure buruari, erantzuna baiezkoa izan zen. Guztiok gara gertatzen ari denaren erantzule». Aiztodokoek esan dute bizitzaren gutxien-gutxienekoan «uste baino ekarpen handiagoa» egin diezaioketela eraldatu nahi duten sistema heteropatriarkal, arrazista, kapitalista eta kolonialari.