Gaurkoan errezeta erraz bat prestatuko dugu. Labearen denboraz aparte, hamar bat minutu baino ez ditugu behar izango. Kabratxoa baino, legatza erabiliko dugu eta horrela errezeta asko azkartuko dugu.
Lehenik eta behin, labea piztuko dugu, 180 gradutan berotzen jarriko dugu.
Legatza hartuko dugu lehenik legatza proposatu dugu, baina edozein arrain erabili daiteke. Izoztutakoa bada, aldez aurretik desizoztuko dugu, eta ondoren mikro-uhin laberako egokia den ontzi batean sartuko dugu. Mikro-uhin labean bizpahiru minutuz egosten utziko dugu. Horrela errazago mamituko dugu arraina, eskuekin birrindu egingo dugu eta. Prest dugunean, erreserbatu egingo dugu, gerorako.
Beste ontzi handi batean, bost arrautzak irabiatuko ditugu. Nahi izanez gero, irabiagailua erabili dezakegu, mousse testura hartuko luke horrela. Jarraian, gatza eta pipermin beltz apurtxo bat gehituko diogu. Eta ondoren, esne-gaina gehituko diogu. Ondoren, lehen prest utzitako arraina, nahasketa honi gehituko diogu. Nahasketa guztia prest dugunean, bost koilarakada tomate frijitu gehitu eta irabiagailua sartuko diogu, mousse testura lortu arte.
Ondorengo pausoa nahasketari ganbak gehitzea litzateke. Ganbak eskuz mozten ditut, nahasketan ganbak nabaritzea gustukoa dudalako.
Jarraian, labearen pausoa dator. Beraz, laberako aproposa den ontzia prestatuko dugu. Nik flanak egitekoa erabiltzen dut. Ontzia beraz, gurinez ondo koipetuko dugu eta ondoren ogi txigortua gehituko diogu honela, gure pastelari azal bat gehituko diogu. Jarraian, nahasketa botako dugu ontzira.
Labean, maria bainuan egosiko dugu. Horretarako, labeko erretilua urez beteko dugu eta bertan kokatuko dugu gure flan-ontzia. Labea 180 gradutan izango dugu bero, eta 45-50 minutu beharko ditugu gure pastela prest izateko. Moldetik atera baino lehen hozten utziko dugu, ateratzeko garaian ez apurtzeko. Jan baino lehen hozkailuan sartu dezakegu, tenperatura egokia lortzeko. Maionesaz apainduko dugu azkenik.