Aitortza, erreparazioa eta berriz ez errepikatzea eskatuko dute

Ataria 2021eko otsailaren 25a

Lasa eta Zabalaren urteroko omenaldian hartutako irudia.

Sortuk elkarretaratzea egingo du larunbatean 12:30ean, Trianguloan, Lasa eta Zabalari buruz argitaratu diren azken elkarrizketaren harira.

Aste honetan argitaratu dira Alberto Perote CESIDeko koronelaren eta Pedro Gomez-Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketaren grabazio bat. Artxibo horretan, argi entzun daiteke nola Gomez Nietok aitortzen duen Mikel Zabalza nafarra torturatuta hil zutela Intxaurrondo kuartelean, poltsa jarrita eta nola azaltzen dion ere Joxean Lasa eta Joxi Zabala tolosarrak «buruan bi tiro» emanda hil zituztela. 

Gertaerari lotuta Sortuk elkarretaratzea egingo du larunbatean, 12:30ean, Trianguloan. «Grabaketan entzuten dena, herritar askorentzat sorpresa ez izan arren, agerian utzi du beste behin, behin eta berriz ezkutatzen saiatu diren estatu biolentzia hori existitu dela eta estatu aparatuetako arduradunak horren jakitun zirela, beste zerbait ez esatearren». Sortuk nabarmendu du «herri honetan oinaze larriarekin bizitzen ikasi behar izan» dela eta «gure herriko kaleetan Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren zein Ertzaintzaren kuarteletan eragin zizkiguten astakeriek eragindako minak» oraindik ez direla sendatu. «Estatu biolentziaren egia argitara eramatea behar beharrezkoa dugu, biolentzia hori jasan dutenek merezita duten aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeekin batera, herri honek bake eta askatasun agertoki berri batetara aurrera egiteko», gaineratu du. Alderdiak esan du era berean, «estatu biolentzia hori posible» izan dela «hori ahalbidetzen zuen estatu itun bat existitzen zelako». «Gaur da eguna, oraindik inork ez duela guzti honetan izan duen ardura onartu. Gaur da eguna, oraindik orain torturak eta gerra zikina praktikatu dutenak inpunitate osoa izaten jarraitzen dutela», gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!