Dagoeneko martxan da Mubil enpresaren Tolosako zentroa

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ots. 24a, 13:59

Mugikortasun berriaren arloan, nazioarteko erreferente izateko sortu zen Mubil, eta gaur ireki ditu ateak Usabal industriagunean kokatutako behin-behineko egoitzak. Besteak beste, Iñigo Urkullu Lehendakariak hartu du parte irekiera ekitaldian.

Gaur ireki ditu ateak Gipuzkoako Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarriko Zentroaren lehenengo egoitza fisikoak, Tolosako Usabal industriagunean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan sortu zen proiektua, eta Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen RIS-3 espezializazio adimentsurako estrategiarekin lerrokatuta dago. "Beraz, proiektua errealitate bihurtu da, eta etorkizunari begira, Gipuzkoa eta EAE osoa mugikortasun berriaren abangoardian gogotsu hasiko da lanean", adierazi dute aurkezpenean. Gainera, zentroaren irekieran nabarmendu dutenez, "herri proiektu" bat da.

Goizean egin dute inaugurazio ekitaldia, eta bertan izan dira Iñigo Urkullu EAEko Lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Ane Insausti Mubileko zuzendaria. Horiez gain, besteak beste, Eneko Goia Donostiako alkateak, Olatz Peon Tolosako alkateak, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuak eta mugikortasun berriaren sektorearekin lotutako enpresa eta zentro teknologikoetako ordezkariek hartu dute parte.

Lehendakariak, bere hitzaldian, nabarmendu du Usabalgo zentroak punta-puntako instalazioak dituela, eta Mubilen proiektuak administrazio eta enpresek partekatzen dituzten bi eraldaketa prozesu batzen dituela: teknologiko-digitala eta energetiko-eolikoa. Gainera, adierazi du Tolosako instalazioak martxan jartzea dela Mugikortasun Berriaren Poloa sortzeko prozesuaren lehen mugarria; hain zuzen ere, Europako funtsetatik 86,5 milioi euro mugiaraztea helburu duena. Hauek barne hartuta, 156 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da guztira Mubilen proiektuan.

Bestetik, Gipuzkoak eta EAEk mugikortasun iraunkorraren arloan Europa mailan erreferentzia diren zentro teknologikoak eta arlo horretako ezagutza-ekosistema aurreratua duten enpresak dituztela azpimarratu du. "Mubilek topagune bat eskaintzen du gure gaitasun industrialen potentzial berritzaile guztia bideratzeko eta bultzatzeko, baita gure herrialdean ekonomia gero eta aurreratuagoa, digitalizatuagoa eta iraunkorragoa sustatzeko ere. Gaur urrats berri hau eman dugu, elkarlanetik abiatuta, berritzeko, aukera berriak sortzeko, gure industria eraldatzeko eta indartzeko".

Europako zentro nagusien pare
Markel Olanok, bere aldetik, Mubil Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan sortu zela gogorarazi du. "Lurraldeak dituen erronkak identifikatzea da programa horren helburua, gero etorkizuneko apustuak mahai gainean jarri eta exekutatzeko. Esparru horretan, ardatzetako bat lurraldeak espezializazioaren alorrean duen adimena indartzea da, mugikortasun berria hemen planteatutako ildoetako bat delarik.

Diputatu nagusiak zehaztu duenez, energia biltegiratzeko laborategiak, ahalmen teknologikoari dagokionez, Europako bi zentro nagusiren parean kokatuko du Mubil: Alemaniako ZSW eta Frantziako CEA. "Instalazio horiek eskaintzen dituzten aukerek, kualitatiboki, Europako azpiegitura puntakoenen maila berean kokatzen gaituzte. Horrela, jauzi bat egiteko eta gure berrikuntza-gaitasuna maximizatzeko prest gaude, etorkizuneko mugikortasunaren funtsezko osagai batean, baterietan, alegia", gaineratu du.

Hala ere, ahalmen hori, are gehiago handituko dela ere esan du "Eskusaitzetako Mugikortasun Berriko Poloa sortzen denean". Bertan kokatuko da Mubil zentroaren behin betiko egoitza. Arestian deskribatutako laborategiaz gain, power trainarekin lotutako teknologia testatzeko beste espazio bat egongo da bertan, "etorkizuneko mugikortasunaren beste giltzarrietako bat". Halaber, 40.000 metro karratu gorde dira mugikortasun berriarekin zerikusia duten eta zentroaren inguruan garatu daitezkeen beste ekimen batzuetarako.

Zentzu horretan, etorkizuneko Gipuzkoako ekonomiaren oinarri izango diren proiektu estrategikoen alde egiten jarraitzearen garrantzia azpimarratu du Olanok. "Konfiantza osoa dugu Gipuzkoak dituen gaitasunetan eta orainaldiko krisia gainditzeko eta etorkizuna eraikitzen hasteko duen ahalmenean. Proiektu ilusionagarria eta anbizio handikoa da Mubil, gure lurraldeko industriaren eta berrikuntza-zentroen zerbitzura dagoen azpiegitura".

Proiektuaren muina
2019an eratu zen Mubil fundazioa, eta iazko udaberrian hartu zuen zuzendari kargua Ane Insaustik. "Aparteko balioaren ikuspuntutik, Mubil lau norabidetan ari da lanean: azpiegitura teknologiko indartsu bat izatea, ekintzailetza bultzatzea, ezagutza sortzea eta kudeatzea, eta esperimentazioaren bidez Gipuzkoa living lab bihurtzea", azaldu du.

Tolosan kokatzen den behin-behineko egoitzak proiektuaren muina hartuko duela adierazi du zuzendariak. Eraikinak 2.300 metro karratu inguru ditu. Beheko solairuan sarrera eta 90 metro koadroko showroom bat daude, non MUBIL proiektuaren zergatia, helburua, aparteko balio proposamena eta bilakaera jasotzsen diren. Lehen solairuak, 500 metro karratu ditu, eta bertan daude fundazioaren bulegoak, prestakuntza gela eta laborategia erabiltzen ari diren enpresentzako gune bat.

Aipatutako laborategi hau bigarren solairuan dago, eta 1.400 metro karratu inguru hartzen ditu. "CIDETEC-ek kudeatzen duen energia biltegiratzeko laborategi aurreratua da. Europa mailan punta-puntako ekipamendua du, adibidez, mahai bibratzaile bat dago bertan, eta lurraldeko enpresa guztiek dute euren prototipoak eta produktuak probatzeko eta testatzeko aukera", esan du Insaustik.

Hiru ardatz nagusiren inguruan jardungo du Tolosan kokatutako zentroak: espezializazioa, bikaintasuna eta lankidetza. "Lehena, mugikortasun berriak dakarren aukerak ustiatzera bideratuko da. Bigarrena, bikaintasunarena, nazioartean mugikortasun jasangarri eta adimendunean erreferente izateko. Eta hirugarrena, lankidetzara, aukera berriak sortzeko eta Gipuzkoako eta EAEko industria eraldatzeko eta indartzeko".

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!