Beste ezizen batzuk erabili bazituen ere, Ibar goitizena erabili zuen guk hemen iruzkin-gai hartuko dugun liburua argitaratzeko: Genio y lengua (1935). 36ko gerraren atarian mamitu zuen liburu hau funtsezkoa izan zen bere obran. Bere bizitza osoan zehar arian-arian hezurmamitu zuen liburua, berriz, Ortik eta emendik izan zen. Bizitzaren hondarrean (1990) ezagutu zuen argia 92.000 esamoldez osatutako liburu mardul honek.
Mokoroaren euskalgintzak arrasto sakona utzi zuen euskal munduan bere hainbat idazlan, itzulpen eta liburu tarteko. Antonio Zavalak dioenez, Genio y Lengua «Liburua oiu indartsu bat izan zan garai artan. Ala ere, etzuan bear ainbat oiartzunik eta fruturik izan. Zergaitik? Gerra andik berealaxe etorri zalako. Eta, danok dakigunez, euskerak hogei urtean-edo ezin bururik altxatuz bizi bear izan zualako» (Justo M. Mokoroa: Biografia. Lanak. Usteak, 1990).
Espainieraz idatzi zuen Genio y Lengua Mokoroak eta nik dauden daudenean irauliko ditut hona pasarteak. Hasteko, ikus dezagun nola ikusten eta definitzen zuen hizkuntza: «En la educación nacional, o sea, en la transmisión del genio nacional a las nuevas generaciones, no sólo es el idioma vehículo y cauce: es también agente. El idioma educa, hablando con entera propiedad».
Mokoroaren euskalgintzak arrasto sakona utzi zuen euskal munduan bere hainbat idazlan, itzulpen eta liburu tarteko
Gutxienez ohar pare bar merezi du aipuak. Batetik, «nazioari» egiten dion etengabeko erreferentzia, euskararen herria naziotzat zeukalako. Ez da hutsala hizkuntza nazioarekin lotzen duen kontzientzia, kontzientzia horixe higatu baitzaigu larriki euskaldunoi. Bestetik, berriz, hizkuntzari darion identitate karga azpimarratzeko gogoa nabari zaio Mokoroari: hizkuntza ez da mintzabide soila, sozializazioaren ardatza da, eta ardatz horrek hezi egiten du euskalduna. Euskara ez da pentsamenduaren bitarteko hutsa, pentsamendua bera dago euskaraz ezaugarritua. Bere hitzetan laburtzeko: «Es, pues, a la vez, el idioma 'instrumento, depósito y vehículo' del genio nacional».
Hizkuntzen arteko harremanak ikusteko tankera bat ere irudikatu zigun aita Mokoroak: «El conflicto de idiomas es, en realidad, conflicto de educaciones, de culturas, de genios étnicos; y la ruina del euskera, si algún día sobreviene, equivaldría a la desvasquización irreparable de nuesto pueblo».
Nazio berean bizi diren hizkuntzen arteko harremanak ez zituen onkeriaren arabera ikusten: hau da, inolako tirabira eta kontraesan soziolinguistikorik gabe, inork inor baztertu eta gutxietsi gabe, bateko eta besteko hiztunen eskubideak berdintasunean zainduz eta abar. Ez, soziolinguistika diziplina sortu aurretik Mokoroaren eskarmentu eta sena soziolinguistikoa ondo asko jabetu zen hizkuntzen auzi soziolinguistikoaren atzean dagoen arazoa, sakona bezain korapilatsua dela, eta nazioen arteko harreman bidegabeekin loturik dagoela erabat. Hizkuntza auziak hezkuntza eta kultura auziak direla zioen; azken buruan, nazio identitateen arteko talkak, nazio bat beste batek mendean hartzeak dakartzan kontuak direlako.
Abertzaletasuna euskalduntasunetik aspaldi dibortziatu zen, eta dibortzio horren lekukotasun bat dakarkigu Justo M. Mokoroak. Ez dezagun ahantzi 1935ean gaudela: «Y ¿qué explicación satisfactoria se podrá dar del hecho averiguado de que en 'batzokis' de poblaciones bilingües 'no ya se tolere' por excepción, 'sino aun predomine' el uso del erdera? Citamos el batzoki por nombrar de algún modo la primera y más notoria forma social en que se traduce la inquietud vasquista, el ansia de re-generarse».
Iragarritako dibortzio baten kronika, beste behin. Ikasi ez genuena eta honezkero ikasiko ez duguna. Identitate aldaketa sakon baten ondorioz erdaldun gisa bizitzeak ondoezik sortzen ez digun atarramentu etsigarria. Hizkuntza batean bizitzetik beste batean bizitzera dagoen nortasun nazionalaren amildegia ikustea eragozten digun kontzientzia galera. Euskara aintzat hartzen ez duenak ezin du Euskal Herria nazio gisa aintzat hartu.