Oraindik ere, gehiago eta hobeto birziklatu daitekeelako

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 18a, 18:59

Gaur aurkeztu du Tolosako Udalak astelehenean martxan jarriko den birziklapena sustatzeko sentsibilizazio kanpaina berria; besteak beste, Kilometro 0 produktuez osatutako 250 euroko balioa duen saski bat zozkatuko da.

Tolosako Udalak, hondakinen birziklapen egokia bermatzeko sentsibilizazio kanpaina berria jarriko du martxan. Astelehenean, hilak 22, jarriko da indarrean, eta hilabete iraungo du, martxoaren 22ra arte. Gaur aurkeztu dute kanpaina Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak, Iñigo Muñoz ingurumen arloko teknikari arduradunak eta kale hezitzaile lanak egingo dituen Aiala Ezeiza Artelatz Ingurumen Zerbitzuko kideak.

Amantegik azaldu duenez, ezinbestekoa da ingurumenaren kontserbaziorako gaikako bilketa egokia egitea, eta datuak hobetzeko eta aurten antzemandako zenbait arazori irtenbidea emateko helburuarekin garatu da kanpaina berria. “Azpimarratzekoa da Tolosako gaikako bilketa datuak oso onak direla, %70 ingurukoak, eta azken urteotako bilakaerari erreparatzen badiogu, mantendu egin dira, hau da, herritarrek birziklatzeko ohiturei eutsi diete, eta esanguratsua bezain garrantzitsua da hori. Baina datuak hobetu ditzakegu, eta helburu hori du kanpaina honek, gehiago eta hobeto birziklatzea” adierazi du Amantegik.

Pegatina gorriak, arau-hausteei

Era berean, Muñoz teknikariak jakinarazi duenez, hainbat edukiontzi gunetan arazoak antzeman dira tamaina handiko hondakinen gaikako bilketaren inguruan. Horregatik, kanpaina honen baitan, bolumen handiko etxeko hondakinak noiz eta nola atera behar diren gogorarazi nahi da. “Garbigunera eraman daitezke; bestela, astearteetan atera ahal dira, 20:00etatik 22:00etara bitartean, lurrean utzita, edukiontzien alboan. Baina aurrez, ezinbestekoa da mankomunitatera deitzea” esan du.

Kanpainak irauten duen bitartean, pegatina gorri bat jarriko zaie gaizki utzitako tamaina handiko hondakinei. “Herritarrek hondakin hori gaizki utzita dagoela ohartaraztea nahi dugu, modu honetara herritarrak kontzientziatu eta sentsibilizatzeko”, azaldu du Muñozek.

Irudi identifikagarria

Kanpainaren irudiaren bitartez, identifikazioa sustatu nahi izan da, tolosarrek bat egin dezaten irudiarekin, eta baita kanpainarekin ere. "Horretarako, herritarrentzat ezagunak diren elementuak erabili dira, hala nola, organikoaren edukiontzia edota Azoka Lagunak poltsa, gehiago birziklatzetik harago, hondakin gutxiago sortzeko mezua ere indartze aldera", nabarmendu du Muñozek.

Kanpainaren baitan sortutako irudi eta elementuak hezitzaileak dauden edukiontzi guneetan eta hondakin bulegoaren kanpoan (Plaza Zaharran) jarriko dira, "herritarrek kanpainaren iruditeria eta leloa barneratu dezaten". Horrez gain, datuak hobetzea lortzeko eta herritarrak informatzeko eskuorri bat banatuko da etxebizitza guztietara.

Herritarren parte hartzea sustatzeko zozketa bat ere egingo da kanpainaren baitan. Etxeetara banatuko den esku-orrian dagoen kupoia beteta, 250 euroko balioa duen Kilometro 0 produktuez osatutako saskia eskuratzeko aukera izango da. Zozketan parte hartzeko, kupoian norberaren datuak sartu, bertan azaltzen den galdera ondo erantzun eta kupoi zati hori moztu behar da. Horrez gain, kupoi zati hori honako modu hauetako batean entregatu behar da: hondakin bulegoaren kanpoan ezarriko den postontzian utziz, edukiontzi guneetan egongo diren hezitzaileei emanez, hondakinen alboan aurki daitekeen kanpainako karteleko postontzian utziz, edota kupoiari argazkia atera eta 699 747 156 telefono zenbakira WhatsApp mezua bidaliz.

Aiala Ezeiza hezitzailea, zozketarako kupoia kanpainaren karteleko postontzira botatzen.

 

Errefuxarekiko ezagutza

Era berean, merkataritza-sektoreak kartoiak biltzeko egungo sistemaren inguruan ere zalantzak dituela ikusita, kartoi bilketari buruzko informazio kanpaina ere egingo da. Kartoi komertziala sortzen duten saltokietara bisitak egingo dituzte bi ingurumen hezitzailek, egungo bilketa-sistema bereziaren berri emateko eta informazio orria banatzeko; 200 establezimendutara joatea da helburua.

Herriko saltokietara bisitak egitearekin batera, ingurumen hezitzaileak kalean ere egongo dira. Herriko 20 edukiontzi gune ezberdinetan jarriko dira, goizez eta arratsaldez, herritarrak informatzeko. Ardura hori izango duenetako bat da Aiala Ezeiza. "Herritarrak kontzientziatzea eta edozein zalantza argitzea izango dira gure zereginak", adierazi du.

Erronka modura ezarri da 2023rako gaikako bilketa datua %75era igotzea. Horretarako, edukiontzi grisera soilik birziklatu ezin diren hondakinak bota behar direla azpimarratu dute, birziklatze tasa hobetzea lortzeko. Halaber, organikoaren edukiontzira soilik poltsa konpostagarriak bota behar direla ere gogorarazi dute. "Errefuxaren inguruko ezagutza eskasa areagotzen saiatuko gara, hondakin birziklagarri ugari isurtzen baitugu edukiontzi grisera", aitortu du Ezeizak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!