Ikastetxeekin hasiko dira berriro Topic-en

Ataria 2021eko otsailaren 18a

Aurrez aurreko eskaintzaz gain, online modua ere jarri dute aukeran; museora bisita edota tailerrak izango dituzte ikasleek.

Topic Txotxongiloen Nazioarteko zentroak ikastetxeekin burutzen duen kanpainari ekingo dio berriro, eta kasu honetan, aurrez aurreko aukeraz gain, online egiteko modua ere jarriko dute eskura.

Aurrez aurreko aukerari dagokionez, bost eskaintza antolatu ditu Tolosako zentroak: tailerra, museora bisita, titiritero baten bisita eta jolasa tailerrean (5 ordu denera); ikuskizuna, tailerra eta museora bisita (5 ordu); ikuskizuna eta lantegia (2 ordu); ikuskizuna eta museora bisita (2 ordu); edota tailerra eta museora bisita (2 ordu).

Online eskaintzak, berriz, hiru modalitate ditu: Formak eta koloreak, Haur Hezkuntzako 5. mailako eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleei zuzendua; Letrak, Haur Hezkuntzako 5. mailarako eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetarako; eta Txotxongilorako hurbilketa Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako ikasleei zuzendutakoa.

Topic zentrotik azaldu dutenez, egungo egoera kontuan hartuta, ez dituzte ikastetxe desberdinetako ikasleak nahastuko: «barruko burbuila taldeak errespetatuko ditugu eskaintza guztietan, beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuz», esan dute. Interesa duten ikastetxeek Topic zentroarekin harremanetan jarri beharko dute hautatu duten eskaintzaren berri emateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!