Komunikatu ezinik jarraitzen dute Bedaion

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ots. 18a, 12:00

Arazoa ez da oraingoa, baina bi aste daramatzate telefono zerbitzurik gabe Bedaion, eta komunikatu ezinik daude; «utzikeria eta gehiegikeria» salatu dute auzotarrek.

WhatsApp bidez zabaldutako bideoak gai pil-pilean jarri du, eta lau haizeetara zabaldu da bedaiotarrak bizitzen ari diren egoera. Horixe zuen helburu Miren Erratzu egileak. Azken bi urteetan etengabekoak dira Bedaion telefono zerbitzuarekin dituzten arazoak. Egun telefonorik gabe eta ia interneteko estaldurarik gabe daude, eta honenbestez inorekin ezin dute komunikatu Bedaion daudenean.

Otsailaren 7az geroztik telefono zerbitzurik gabe daude, 16 baserritan. «Enpresa bakarra da linearen jabea, Movistar, eta mantenu lanak egiten ez direnez linea lurretik, zuhaitz erorien azpian, edozein momentutan hariak etenda dago», azaldu dute bizilagunek. «Inkomunikatuta gaude, eta gure arazoaren konponbidea inork ez du bere gain hartzeko asmorik».

Miren Erratzu bedaiotarrak egin ditu bertsoak «tripetatik eta amorraziotik» idatzita. Konfinamenduaz geroztik, berak ez du telefono finkorik, baina bizilagun guztien eta ondoko etxean bizi dituen amaginarreba eta koinatuaren egoeraren aurrean egiteko premia sentitu zuen. Nahita aukeratu du inauteri doinua, eta argazki batzuk atera eta segituan bideoa egin zuen, batik bat, Tolosara irits zedin. «Ez naiz bideoak editatzen aritzen, baina ahalik eta azkarren zabaldu nahi nuen, eta horretan jarri nintzen», argitu du. Bideoa bedaiotarren whatsapp taldera bidali zuen nahi zuenak zabaltzeko.

Josune Agirrezabalak ama bizi du Bedaion, eta 92 urte ditu. Ondo dagoela dio, baina orain ezin zaiola mugikorrik jarri azaldu du, eta beharrezkoa dutela telefono finkoa: «Belarmuga baserrian bizi da ama, eta 200 bat metro gorantza atera beharra daukazu mugikorrak funtziona dezan edo estaldura izan dezan».

Adineko asko bizi da Bedaion, eta teleasistentziaren gaia ahoz aho dabil. Ezin dute zerbitzu hori baliatu, eta gaur-gaurkoz, larrialdi baten aurrean hanka motz daude. «Arazo handia da», dio Agirrezabalak. «Tolosatik 17 kilometrora gaude, inkomunikatuta gaude, eta hori oso larria da».

Tolosako kale edo auzo batean gertatuko balitz arazoa, ziur dira hurrengo egunerako konponduta egongo litzatekeela. «Ez da inor hurbiltzen. Tolosatik ere ez, ea zer moduz gauden edo zer behar dugun galdezka», dio.

Tolosako herritarren artean bereizketa egiten dela salatu du: «Landa eremuan bigarren edo hirugarren mailako herritarrak gara. Agintarien utzikeria salatu nahi dut. Gutxienez keinu bat egin beharko lukete bertara azalduz, eta ea zer egin dezakegun guztion artean hitz eginez», esan du Agirrezabalak.

«ADARRA JOTZEN»

«Adarra jotzen» ari zaizkiela sentitzen dute bedaiotarrek: «Utzikeriarena da adar jotze hau, irainarena da adar jotze hau, komunikazio konpainia handi baten gehiegikeria da». «Gizarte digitalizatu honetan bizitza bezain oinarri-oinarrizkoa den heriotzaren komunikazioa ere kendu nahi digute bedaiotarroi», dio Nekane Izagirrek.

Egunero Movistarrera deika ari dira, baina makinekin hitz egin behar izaten dute askotan. Pertsona batekin hitz egitea lortutakoan ere, deituko dietela esaten diete, baina zain jarraitu behar izaten dute.

«Telefonoz mugikorrera deitzen dizute, eta deia hartzen ez baduzu beraientzako horrek arazoa konpondu dela esan nahi du», argitu du Izagirrek. «Baina nola erantzungo dugu mugikorrarentzat estaldurarik ez dagoen eremuan?». Orduan, «beraientzat ez dago matxurarik, eta berriro sartzen gara irtenbiderik gabeko gurpil zoroan», dio.

EGOERA «LARRIA»

Egoera «larria» bizitzen ari direla kontatu nahi izan dute, eta ondorioak jasaten eta bizitzen ari direla. «Urgentziaz medikuari deitzeko kotxea hartu behar, baina ezin duenak autoa hartu?». Adinekoen kasuan adibidez babesik gabe daudela diote: «Gertatu da adinekoa ondoezik suertatu, eta bere larrialdian inorekin ezin zelako harremanetan jarri errepidera laguntza eske atera behar izatea», kontatu du Izagirrek, eta jarraitu du: «medikua gaixoarekin harremanetan jarri behar, eta ezin».

Baina, azken gertaerak «mugak gainditu» dituela salatu dute. «Amorrazioak eraginda» Erratzuri bertsoak atera zitzaizkion: «Orain artean gure artean izan dugun bizilagun baten heriotza familiari helarazteko, telefonoz ezin komunikatu, eta medikuak ez du beste irtenbiderik bilatu ertzainak bideratzea baino», kontatu dute. «Alargundu berri den emazteari bere senarraren heriotzaren berri ertzainek eman, eta alarguna bere saminean ezin inorekin komunikatu», dio Izagirrek, eta Erratzuk gehitu duenez, «egoera latz horren aurrean zure anai-arrebei ere ezin diezu deitu».

Ate asko jo dituztela diote, eta Erratzuk «aldarrikapen serioa» egiten ari direla konturatzea nahi du jendea.

Izagirrek ez dela urruneko egoera salatu du: «Ez dugu urrutira joan behar egoera hau gure artean gertatzen dela sinisteko, egoera hau Tolosan gertatzen da, Bedaion».



BERTSOAK BIDEO BIDEZ, EGOERA ZABALTZEKO

Bedaioko bazterrak
ondo baztertuak,
mundu guztiak dauzka
nonbait ahaztuak
hemengoen beharrak
ez daude aztertuak:
telefonoik ez degu,
atera kontuak!

Egin kontu, egin kontu
Telefonorik ez daukagu!
Egin kontu, egin kontu,
Telefonorik ez daukagu!

Movistarrek ez dauka
hemen errentarik,
aspaldian ez baitu
egin inbertsiorik,
poste eta hariak
guztiak zintzilik:
azken bi asteotan
ezin egin deirik!

Egin kontu, egin kontu...

Adinean aurrera
etortzen direnei
teleasistentzia
jartzen zaie denei
SOS botoia sakatuz
egindako deiei
nork erantzungo die
ezpadue egiten dei!

Egin kontu, egin kontu...

Eta mugikorrekin
a ze komeria
adinekoentzako
traste zailegia
koberturatik ere
bada eskasia,
nork konponduko digu
gure aberia!?

Egin kontu, egin kontu...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!