Tolosako 338 gaztek trafiko istripuak saihesteko heziketa tailerra jasoko dute bihar

Ataria 2021eko otsailaren 17a

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, 'Don’t be dummy – zuk ez duzu ordezkorik' ekitaldi ibiltariak sortu ditu 15-20 urte bitarteko gazteentzat.

Bihar, Don’t be dummy – zuk ez duzu ordezkorik bide-heziketa tailerra jasoko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailako 338 ikaslek, Tolosako Laskorain ikastolan. Online izango da saioa, streaming bidez.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak antolatu ditu ekitaldi ibiltari hauek Euskadiko 15 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Trafiko-istripuak saihesteko lanketa egitea da helburua. Errepideak dituen arriskuen inguruan eta aurretiaz har daitezkeen neurrien inguruan, motorrezko ibilgailu baten gidari izateko zorian dauden edo lagunekin batera ibilgailu batean bidaiari izango diren gazteak kontzientziatzeko beharrari erantzuten dio Don’t be Dummy saioak.

Tolosako 338 gaztek testigantza ezberdinak entzungo dituzte bihar: suhiltzaileena, larrialdietan lan egiten duen medikuarena, ertzainarena, trafiko-istripuek utzitako biktimena… Lehen pertsonan kontatutako testigantzen bitartez gazteak hunkitu eta haiengan inpaktua sortzea bilatzen da, hausnarketara bideratzea.

100 saio egin dira orain arte, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 44 udalerritan, eta guztira, 141 ikastetxek hartu dute parte. 23.570 ikusletik gora izan ditu Don’t be dummy programak, eta 83 lekuko ausartu dira euren esperientzia pertsonala kontatzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!