Ttenttek aisialdi taldeak 40 urte bete ditu aurten. Urteurren borobila ospatzea zen taldekoen gorputzetan zegoen desira, baina, aurten ospatzerik ez, eta indarrak datorren urterako gordeko dituztela azaldu du Jon Diaz Ttenttek aisialdi taldeko begiraleak.
Gaurko egunez, Astelenitan, atera ohi dira kalera aisialdi talde guztiak. Ilara luzeak sortuz, San Frantzisko pasealekua bere egiten dute eta eguna dantzan pasatzen dute haur zein begiraleek. Aurten, baina, pasealekua hutsik ikusi da eta aisialdi taldekoek ez dute aukerarik izan urtean zehar prestatzen dutena kalera ateratzeko.
"Berezia behar zuen izan aurtengoak", dio tristuraz Diazek. Urte osoa Astelenitarako prestatzen pasatzen dutela aitortu du eta aurtengoa "gogorra" izan dela nabarmendu du. "Iazko inauteriak bukatu eta berehala hasi ginen aurtengorako ideiak ateratzen; nahiko finkatuta genituen ideia batzuk, baina jakin genuenean ez zirela inauteriak ospatuko, hurrengo urteetan erabili ahal izateko gorde egin ditugu".
Izan ere, konfinamendua iritsi zenean, Ttenttek aisialdi taldeak bere jarduna etetea erabaki zuen. Diazek esan du, begirale gutxi direnez, nahiago izan zutela geratzea, eta egoerak aurrera nola egiten zuen ikustea. Beraz, geldi egon direnez, atzokorako ezer gutxi zuten prestatuta. "Berez, inauteri aurreko hilabeteetan larunbatero eta igandero entseguak egin ohi ditugu, eta ferialekuan egon ohi gara plataforma egiten eta gauzak prestatzen; hilabete gogorrak izan ohi dira, baina aurten ez dugu aukerarik izan hori bizitzeko", azaldu du.
Diaz haurra zela hasi zen aisialdi taldean eta azken bi hamarkadatako oroitzapen asko ditu gordeta: "Bereziki 2016. urtea dut gogoan; ordura arte gaztetxo moduan hartu izan nuen parte, eta urte horretan, begirale bezala lehen aldiz aritu nintzen. Adams familiaz mozorrotu ginen, eta Astelenita beste perspektiba batetik ikusteko aukera izan nuen; ordura arte, haurra nintzen, guztia ematen ziguten eginda eta gozatu besterik ez genuen egiten. Behin begirale bezala hasita, atzean dagoen lan guztia nolakoa den ikusteko aukera izan nuen".
Ospakizunerako tartetik ez dute hartuko aurten, eta Diazek aitortu du, inauteri egun hauetan San Frantzisko pasealekua hutsik ikusteak "bihotzean min handia" eragin diela taldekideei. Hala ere baikor da datorren urteari begira: "Hurrengo urtea gogotsuago hartuko dugu, emozio handiagoa izango dugu seguru; dagoeneko, iristeko desiratzen gaude".
Lau hamarkada
Lau hamarkada bete ditu aurten San Frantzisko parrokiaren bueltan sortu zen Ttenttek aisialdi taldeak. "Lagun talde bat San Frantzisko parrokian apaizari laguntzen hasi zen, mezak prestatzen. Lagun haiek beste lagun batzuei deitu zieten eta talde handi bat sortzen hasi zen", azaldu du Diaz begiraleak. "Ekintza ezberdinak eraman ziren aurrera eta asteburuetan irteerak egiten hasi ziren". Orduan erabaki zen aisialdi talde bat sortzea.
Berrogei urte atzera eginda ospatu zituzten lehen inauteriak aisialdi talde modura. Ez ordea San Frantzisko pasealekuan: "1981etik 1986ra San Frantzisko elizako arkupeetan ospatu zituen taldeak inauteriak, eta 86tik aurrera, plataforma eta guzti, dantza egin izan da gainerako aisialdi taldeekin batera".
Aurten, 100-150 gaztetxo inguru ziren ateratzekoak inauterietan. Haur kopuruari dagokionean, taldeak gorabeherak izan dituela kontatu du Diazek. "Aisialdi talde berrien sorrerarekin partaide kopurua txikitu egin zen urte batzuk atzera, baina lan handia egin da jende berria erakartzeko".
Inauteria ez da Ttenttek aisialdi taldeak ospatzen duen Tolosako egitasmo bakarrak. Urtero, errege kabalgata antolatzen ere parte hartu ohi dute. Gero, urtearen arabera, irteerak, asteburu pasak eta bestelakoak ere egin ohi dituztela zehaztu du begirale tolosarrak.