Antzerki tailer berria jarriko dute martxan Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 16a, 07:57

Tolosako Udalak antzerki ikastaro labur berri bat antolatu du antzerkigintzan murgildu nahi dutenentzat. 

Martxoaren 3an hasiko da ikastaroa, eta ekainaren 16ra bitarteko iraupena izango du. Asteazkenetan izango da 19:30eatik 21:00etara, kultur etxean. Prezioei dagokienez, Tolosaldekoek 32,75 euro ordaindu beharko dituzte eta gainerakoek 49,12 euro. Kultur etxera bertaratuz, 943 670 383 telefonora deituz edo kultura@tolosa.eus helbidera mezu bat idatziz eman daiteke izena.

Aste honetako kultur eskaintza

Beste aste batez, hainbat kultur jarduera izango dira Tolosan herritarren eskura. Jarraian dago horien inguruko informazioa. Otsailaren 17an, asteazkena, Euskal Barrokensemblek kontzertua eskainiko du Leidorren 19:00etan. Antzinako musika jorratzen duen taldeak Juan Sebastian Elkanoren figura oinarritzat hartuta egitarau berri bat aurkezten du.

Gazte Topaguneak ostegun eta ostiralerako sukaldaritza tailerra antolatu du, 17:00etan. 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintza da, eta aurrez eman behar da izena @topaguneatolosa Instagram kontuan.

Bestalde, bertan behera geratu da ostiralean Nøgen taldeak eskaini behar zuen kontzertua. Udazkenera atzeratu da eta sarreren zenbatekoa automatikoki itzuliko da erositako bide beretik, leihatilan bertan edo interneten.

Zine saioei dagokienez, aste honetan ere hiru film eskainiko dira. Helduentzako zinemari dagokionez, ostegunean, hilak 18, zine foruma egongo da. Oraingoan, Sin señas particulares filma ikusi ahal izango da Leidorren, jatorrizko bertsioan, gaztelerazko azpitituluekin. Hilabeteak dira Magdalenak bere semeari buruz ezer ez dakiela, Estatu Batuetako muga zeharkatzeko bere herritik alde egin zuenetik. Agintariek heriotza-ziurtagiria sinatzea nahi dute, baina semea galdu zuten guraso batzuekin topo egin du, eta Mexikon zehar hasten du bere odisea semearen bila. Bidean Migel ezagutzen du, duela gutxi erbesteratu duten mutikoa. Larunbatean, igandean eta astelehenean, berriz, 23 paseos filmaz gozatzeko aukera egongo da, 19:00etan.

Igandean, gainera, Fritzi, un cuento revolucionario filma emango da 16:00etan, haurrentzat. Hanna Schott idazlearen liburuan oinarrituta, 1989ko udan, Ekialdeko Alemaniako Leipzig hirian kokatzen den animaziozko film honek Fritzi laugarren mailako ikaslearen istorioa kontatzen du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!