Inauteririk ezean, garai bateko argazkiak ikusteko aukera

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ots. 11a, 11:57

'Jeiki, Jeiki 2021' erakusketa bisitatu daiteke Aranburu Jauregian, «memoriaren indarrarekin, atsekabeari aurre egiteko»; martxoaren 6ra bitarte bisitatu daiteke.

Tolosako Udalak inauteriei buruz duen materialarekin osatuta, erakusketa xumea antolatu du Aranburu Jauregiko beheko solairuan. Garai bateko zein egungo irudiak dituzten 22 panelez osatzen da 'Jeiki Jeiki 2021' izena duen esposizioa. «Irudien bitartez inauterien bilakaera ezagutzeko aukera ematen du», diote antolakuntzatik. Argazki fisikoez gain, ikus-entzunezkoak ere eskainiko dira gela batean.

Gaurtik hasi, eta martxoaren 6ra bitarte bisitatu daiteke erakusketa, 17:30etik 20:30era. Gehienez ere sei laguneko taldetan sartu ahal izango da, indarrean dauden segurtasun eta prebentzio neurriak errespetatuz.

2011n, Tolosako ezaugarri nagusienetakoa den inauterien barruan, Jeiki, jeiki erakusketa jarri zuten Aranburu Jauregiko beheko solairuan, inauterizaleek bisitatu zezaten. Nestor Ardanaz argazkilariak koordinatuta, 4.000 argazki baino gehiagoko bilduma osatu zen, 225 tolosarrek utzitako irudiekin.

Hamar urte geroago, inauteriak kalean biziko ez badira ere, proiektu berezi hori berreskuratu dute. Orduko lanaren lagin bat eraman nahi izan dute toki berera, «memoriaren indarrarekin orainaren atsekabeari aurre egin ahal izateko».

Antolatzaileek argi dute aurten ez dela egokitzen herritarrak festara bultzatzea, eta hurrengo urteko jaiak ospatzeko esperantzarekin daude. «Festaren hutsuneak ez du itzaliko inauterien bizipena, ezta posible izango denean festa berreskuratzeko izango dugun gogoa ere. Tolosarren bihotzetan entzungo dira dianaren jaikitzeko deiak, eta gorputzean sentituko dugu dantzarako gogoa», diote antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!