EH Bilduk oposizio «eraikitzailea» egiteari eutsiko dio

Ataria 2021eko otsailaren 10a

Tolosako EH Bildu aurrekontuen gainean iazko abenduan egin zuen agerraldian

Tolosako Udaleko aurrekontuak eztabaida sortu du EAJ eta EH Bildu alderdien artean.

Eztabaida sortua dago Tolosako Udaleko alderdien artean 2021eko aurrekontua dela eta. EH Bilduk, «ez dugu gogoko ika-mika dinamika hau, eta inori ez diola mesederik egiten pentsatzen dugu» adierazi duen arren, euren ikuspuntua eta jarrera argitu nahi izan dituzte. Hori bai, EH Bildutik lanean jarraituko dutela argitu dute Tolosa eta tolosarren onurarako diren proposamenak egiten, eta «ados ez gaudenean ahalik eta era eraikitzailenean gure desadostasunak azaltzen».

EH Bilduko zinegotziak publikoan atera diren guztietan, «argi esan dugu zein datu alderatzen genituen, eta zergatik iruditzen zaigun beharrezkoa irakurketa hori argazki osoa izateko». Egin dituzten agerpenetan, «gastu sozialetara 2020an bideratu zena 2021an erabiltzea aurreikusten denarekin alderatu da» esan dute. «Arrazoi garbi batengatik: aurrekontuak 2021an aurreikusten den gastua jaso behar du. aurreko urtean gastatutakoak funtsezko datua izan behar du, are gehiago, 2021eko beharrak 2020an izandakoen bidetik joango direla aurreikusten denean».

COVID-19a aurreko aurreikuspenek, EH Bilduren ustez,«ez dute zerikusirik egungo egoerarekin», eta «2021eko aurreikuspenak pasa den urte gogorrean jasan ditugun beharren igoerak kontuan izan behar ditu».

Udal aurrekontuak moldaketa ugari izaten dituela urtean zehar kontuan hartuta, «EH Bilduk akordiorako proposamena egiten dio udal gobernuari behar diren diru partidak handitzeko».
Oposizioaren zereginetako bat, «udala kudeatzerakoan bere ikuspuntua azaldu eta proposamenak mahai gainean jartzea da» diote. EH Bilduk zenbait gairen inguruan «desadostasunak» plazaratu baditu ere, «ugariak izan dira legealdi honetan babestutako ekimenak eta aurkeztutako proposamenak», argitu dute, eta gaineratu: «Tolosako Udala kudeatzeko beste eredu bat du EH Bilduk, eta beharrezkoa da herritarrei zein udal gobernuari horren berri ematea».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!