Pasa den astean egin zuen azken agerraldi publikoa Tolosako Udalak, datozen egunetan neurriak errespetatzeko eta elkar zaintzeko eskatuz herritarrei. Atzo ere mezu bera zabaldu zuten inauterietako eragileen babesarekin. «Jai jendetsu eta parte-hartzaileak dira inauteriak. Orain, ordea, egoerari aurre egin ahal izateko zuhurtziaz eta elkartasunez jokatzeko ardura dugu, guztion osasuna baitago jokoan», esan du Izarne Iglesias kultura eta festa zinegotziak, goizean eskaini duten prentsaurrekoan. Horregatik, keinu txikiena egitekotan ere, «ezarrita dauden neurriak errespetatuz egin behar dela» gogorarazi du.
Tolosar askok egun hauetan jai izango dutela jakinik, kultur eskaintza indartzea erabaki du udalak. Besteak beste, ostegunetik aurrera, inauteriei buruzko Jeiki jeiki 2021 erakusketa bisitatzeko aukera egongo da Aranburu Jauregian. Gainera, etzitik aurrera (arratsaldez), aurtengo inauterietako kartela eskuratzeko aukera izango da kultur etxean eta musika eskolan.
Udalak, bestetik, inauteriei buruzko dokumental historiko bat egiteko baliatu nahi du urte hau. «Herritarrek etxean izan ditzaketen materialak bilduko ditugu», azaldu du zinegotziak. Material bilketaren inguruko xehetasunak aurrerago emango dituztela gaineratu du.
Festazaleen ahotsa
Aipatutako erakusketaz gain, egoerak eskatzen dituen prebentzio neurri guztiak zorrotz betez, herriko zenbait eragilek aberastu dute kultur eskaintza. Sarean (www.tolosa.eus-en eta YouTubeko Tolosa Kultura kanalean) edo telebistaz (28 Kanala) eskainiko dira saio gehienak. Hala ere, Leidorren ere izango da ekitaldi ezberdinez gozatzeko aukera.
Kabi-Alai elkarteko kideek, adibidez, Hausterre pasatzen denean dokumentala egin dute. Ostegunean eskainiko da, elkartearen Facebook orrialdean, www.tolosa.eus-en eta 28 Kanala telebista katean, 12:00etatik aurrera. «Inauterizale asko elkarrizketatu ditugu eta aurreko urteetako irudi eta bideoak erabili ditugu osagarri modura», aurreratu du Ainhoa Onsalo elkarteko lehendakariak.
Bestalde, Arpegi taldeak, azken hamarkadako saioak laburbiltzen dituen ikus-entzunezkoa prestatu du. Ostiralean eta larunbatean eskainiko da Leidorren, eta beranduago, YouTuben egongo da ikusgai. «Guretzat oso urte gogorra izan da, bost kide galdu ditugulako. Denbora luzez aritu gara jaialdia egin ala ez eztabaidatzen, eta azkenean, bideo bat egitea erabaki dugu; hala ere, sorpresaren bat edo beste izango da», aurreratu du Alejandro Diez Arpegiko ordezkariak.
Inauteri doinuak, hamaika modutan
Dokumentalez gain, musikak ere izango du tokia datozen egunetan. Tolosako Udal Musika Bandak, adibidez, bi kontzertu grabatu ditu, asteburuan, Gure Zirkuako karpan, eta online eskainiko dira, ostiralean eta igandean. «Lehen kontzertua, kaldereroetako eta danborradetako errepertorioarekin osatu dugu lehen kontzertua; bigarrena, berriz, Tolosako inauterietan kalera ateratzen diren txarangen kantuekin», azaldu du Jone Rezola bandako kideak. Grabaketetan parte hartu duten herritarrei eskerrak emateaz gain, zirkuko langileek bandarekin izan duten jokabidea «txalotzekoa» izan dela azpimarratu du Rezolak.
Galtzaundi Euskara Elkarteak, bestetik, bere 30. urteurrena ospatzeko, Galtzaundi 30 urte izeneko emanaldia prestatu du iganderako. «Galtzaundiren figurak jai hauetan duen garrantzia kontuan izanik, inauterien bueltako saio bat antolatzea erabaki genuen», esan du Igor Agirre Galtzaundiko kideak. Ekintza kultural bat izango dela gogorarazten du. «Ikuskizun bat izango da, neurri guztiak bermatuz ospatuko dena. Et Incarnatus orkestraren kontzertua izango da, baina taldeaz gain, gonbidatu bereziak eta inauterizale ugari ere izango dira. «Abeslari eta musikari ezagunak izango dira tartean».
Gainera, Galtzaundirena ez da saio horretan ospatuko den urtemuga bakarra izango. Izan ere, 25 urte betetzen ditu aurten Et Incarnatus orkestrak, eta iaz mende erdia bete zuen Incansables txaranga ere Leidorreko kontzertuan izango da. «Berritzailea izango da, txaranga bat orkestra batekin batera inauterietako doinuak jotzen entzuteko aukera izango baita», nabarmendu du.
Azkenik, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak, inauterietako abestien bertsioak egin eta bideo batean jaso ditu, Udaberri Dantza Taldearen eta Hodeiertz Abesbatzaren parte hartzearekin. «Kontzertua kalean egitea zen hasierako asmoa, baina azkenean bideo bat egitea erabaki dugu. Une honetan ezin ditugu ez entseguak egin, ezta kontzertuak eskaini ere; hortaz, etxean grabatutako bideoa bidali du abeslari bakoitzak», azaldu du David Azurzak.
Guztira, 160 lagunek hartu dute parte inauterietako lau abestiz osatutako suite baten grabaketan. Iriyarena, Pastelero, Pello ziri-ziri eta Baratzeko pikuak dira kantu horiek. «Instrumentazio aldetik ere ezberdina da, boskote batekin osatu baita grabaketa, ohiko txaranga edo bandak alde batera utzita. Gainera, Egan taldeko Xabier Saldias bakarlariak ere kolaboratu du».
2021EKO INAUTERI EGUNETARAKO KULTUR ESKAINTZA
Otsailak 11, osteguna
12:00. Kabi-Alai elkartearen Hausterre pasatzen denean dokumentala, sare sozialetan eta 28 kanala telebista katean.
19:00. Zine foruma, Leidorren: Para Sama.
Otsailak 12, ostirala
12:00. Tolosako Udal Musika Bandaren kontzertua, sarean: Kaldereroak eta danborradak.
19:00. Arpegi 2009-2020 ikus-entzunezko lana ikusteko aukera, Leidor aretoan.
20:00. Inauterietako abestiak, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioaren eskutik, Hodeiertz abesbatzaren eta Udaberri dantza taldearen parte hartzearekin.
Otsailak 13, larunbata
12:00. Pablo Dendaluzeren Inauterikeriak dokumentala, sarean.
12:00. Arpegi 2009-2020 ikus-entzunezko lana ikusteko aukera, Leidor aretoan.
Otsailak 14, igandea
12:00. Arpegi 2009-2020 ikus-entzunezko lana ikusteko aukera, sarean.
12:00. Galtzaundi 30 urte ikuskizuna, Leidor aretoan.
16:00. Haur zinema Leidorren: Mi amigo pony.
19:00. Zine emanaldia: El inconveniente.
19:00. Udal Musika Bandaren kontzertua, sarean: Tolosako inauterietako txarangak.
Otsailak 15, astelehena
12:00. Tolosako Udal Musika Bandaren 2020ko Pregoi Kontzertua.
16:00. Haur zinema, Leidorren: El rey elefante.
19:00. Zinema: Vacaciones contigo... y tu mujer.
Otsailak 16, asteartea
16:00. Haur zinema: El rey elefante.
19:00. Zinema: Vacaciones contigo... y tu mujer.
Otsailak 17, asteazkena
19:00. Euskal Barrokensemble taldearen kontzertua, Leidorren.
Otsailak 18, osteguna
19:00. Zine foruma, Leidorren: Sin Senas particulares.