Gaur, 12:00etan, kontzertu berezia eskainiko du Et Incarnatus orkestrak Leidor aretoan. Galtzaundi Euskara Taldearen 30. urteurrenaren harira antolatu dute ikuskizuna. Miguel Zeberio (Tolosa, 1966) orkestraren zuzendariak kontzertuaren xehetasunak eman ditu.
Prest duzue guztia iganderako?
Igande goizean egin genuen entsegu nagusia, eta normalean gure lana kontzentratua izaten da, kontzentrazio handikoa eta konpromisozkoa. Kasu honetan, Laskorain ikastolan bildu ginen, goizean goiz hasi eta eguerdira arte jo eta su aritu ginen igandeko errepertorio zoragarria prestatzen.
Zer ikusteko aukera izango da igandean?
Duela urte batzuk grabatu genituen pieza batzuk eramango ditugu; habanerak eta kanta goxo xamarrak izango dira gehienak. Tartean, azken momentuan Jon Esnaola Tolosako konpositore gazteak egin dituen bi kalejira sorpresa ere izango ditugu. Emoziozko momentu goxo bat bizitzeko aukera izango da, eta hori prestatzen ari gara intentzio eta maitasun handiarekin.
Et Incarnatus eta lagunak arituko zarete. Nortzuk dira lagun horiek?
Guztiak nortzuk diren ez ditugu aurreratuko, baina bai batzuk. Batetik, kantari modura, Ana Otxoa sopranoa, aurreko aldietan ere gurekin aritu izan dena, Xabi Ormazabal, Miren Garikano, Leire Berasaluze eta Kristina Aranzabe; Xabier Berasaluze Leturia panderoan, eta Bartzelonatik etorriko zaigu gure ohiko saxofoi eta flauta jotzailea den Gorka Benitez. Horietaz aparte, lagunetan sartu ditugu, Tolosan inauteri giroan tipokeriak egiten ibiltzen diren eta gustuko duten hainbat lagun, honetarako engainatu ditugunak. Eta baita ere bertan izango dira 50 urte bete dituen Incansables txarangakoak. Beste elementu garrantzitsu batek ere hartuko du parte: Tolosan oso errotua dagoen Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak. Kalean ikusi ezin den talde hori agertoki gainean ikustea, nahiz eta urrunetik izan, kolore handikoa izango da.
Zaldunita eguna izango litzateke igandean. Inauteri doinuak soilik entzungo dira?
Guztiak inauterietakoak izango dira, bai. Zer aukeratua badago, eta handik gutxi batzuk aukeratu ditugu; izan ere, bestela, egon gintezkeen goiz eta arratsalde osoa gelditu ere egin gabe inauteri doinuak jotzen. Hamazazpi abesti inguru joko ditugu.
Nola egin duzue abestien aukeraketa?
2005ean Troika diskoa atera genuen, eta horko kantak izango dira batzuk. Gero 2005etik hona, besteak beste Juantxo Zeberiok eta Jon Esnaolak eta beste inauterizale batzuk egindako moldaketekin osatuko dugu errepertorioa. Era berean, elkarte batek bere piezaren moldaketa bat eskatu digu, eta guk elkarte bateko doinurik ez genuen sekula jo, beraz, sorpresa izango da elkarte baten kalejira ere joko dugulako. Horrekin, aurrera begira beste bertsio batzuk egiteko aukera ere irekitzen zaigu, elkarte asko baitira, doinu asko, eta guztiak politak.
Kontzertuan zehar, inauterizaleek ere izango dute lekua.
Bai, aurpegi ezagunak izango ditugu oholtzan. Joxe Mari Barriola edota Garikanotarrak, esaterako. Irribarrea eta algara izango ditugu, pizte pixka bat behar dugu eta izango dugu. Merezi dugu gainera; izan ere, zuri-beltzean pasatako Zaldunita bat izan edo behintzat inauterien oroitzapen berezi hori jasotzea polita izango da, beharrezkoa, guztia ezin baitugu asperen eta kexa bihurtu.
«Irribarrea eta algara izango ditugu; pizte txiki bat behar dugu eta izango dugu»
Galtzaundiren urteurrena ospatzeko kontzertua izango da, besteak beste.
Oso eskertzekoa da horrelako talde batek horrelako konpromisoa eta horrelako bultzada bere gain hartu nahi izana. Niretzat horrelako ardura bat hartzeak, horrelako gauza bat antolatzeak, gauza asko suposatzen ditu. Izugarrizko mauka da beraiek hori proposatu izana, horri heldu izana, eta herriari horrelako gauza bat eskaini izana horrelako garai batean. Duela gutxi antzeko esperientzia bat bizitu dugu, herri txiki-txiki batean, Lakuntzan zehazki, sansebastianetan. Alkatearen apustua izan zen, bi kontzertu jarraian egin genituen jende asko zegoelako eta emozio ikaragarria izan zen, oso gauza polita. Uste dut hemen ere horrelako zerbait errepikatuko dela. Azkenean, alternatiba bat bilatzen diogu egoerari.
Ofizialki inauteriak ez dira ospatuko, baina egun horretan inauterietako elementuek egingo dute bat.
Inauteria oso gauza intimoa da. Zaldunita egunean, bazkari eder bat aurretik prestatuta utzi, eta bazkadu aurretik horrelako keinu batean parte hartzea sekulakoa izango da. Nik hala bizituko dut behintzat, eta bertaratzen denarentzat ere hala izatea espero dugu.