Galtzaundi Euskara Taldeak 30 urte betetzen ditu aurten. Tolosaldean euskara normalizatzeko helburuarekin sortu zen elkartea 1990eko abenduan, eta ekimen askoren bultzatzaile izan ondoren, «indartsu eta indarberrituta» iritsi da ospakizunera. Urteurren borobilaren bueltan, ekitaldi eta egitasmo ugari antolatzeko asmoa du Galtzaundik 2021ean. Urtean zehar, 30 urteko ibilbidean Galtzaundiren babesean sortutako zenbait ekimen «berpiztu eta gaurkotzea» da asmoa, keinu txikien bidez elkartearen orain arteko ibilbidea gogoratzen lagunduko dutenak.
Urteurrenaren ospakizun ekitaldietako lehenengoa, inauterien bueltan antolatu dute. Gaur, Zaldunita eguna izango zenean, ikuskizun berezi bat prestatu dute Et Incarnatus orkestrarekin elkarlanean, Galtzaundi, 30 urte izenpean, 12:00etan, Leidor aretoan. Inauteri kutsuko emanaldi berezia izango dela aurreratu dute antolatzaileek: «Betiko kantuak modu desberdinean entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek, inauterietako doinuak harizko orkestra batek interpretatuz».
Izan ere, Galtzaundi izenak berak badu lotura inauteriekin. Inauterietako Galtzaundi abestiaren bertsoak Ramos Azkarate euskaltzale tolosarrak idatzi zituen, eta Kike Amonarriz Galtzaundiko kideak azaldu duenez, Azkarate izan zen Tolosan euskara nozitzen ari zen galera prozesuaren alarmaren berri eman zuen idazleetako bat. «Galtzaundi abestiak guztiok dantzan jartzen gaitu, hunkitu eta poztu egiten gaitu», dio Amonarrizek.
Duela 30 urte, euskara elkartea antolatzen hasi zirenean, Galtzaundi izena jartzea aukeratu zuten, «ezaugarri guztiak biltzen zituelako; ikusi genuen euskararen alde egin behar genuen lan horrek guztiak lan alaia izan behar zuela, baikorra, jendea animatu eta erakarri behar zuela, izan behar zuela Tolosa biziberritzeko eta euskararen biziberritze prozesua modu alai eta parte hartzaile batean egiteko», dio Amonarrizek.
Hori ikusita, aurten inauteriak kalean ospatuko ez direnez, Galtzaundik ekitaldi kultural bat antolatu nahi izan du inauterien bueltan, bere izenari men eginez, eta inauterietako musikan euskarak duen garrantzia azpimarratuz. «Erabat erdalduna zen Tolosako inauteria euskalduntzen joateko ekimenak egin izan ditugu», azaldu du Amonarrizek eta Igor Agirre Galtzaundiko kideak gehitu du duela 30 urte inauteriak bizi izan zituzten haiek ikusten dutela euskarak «tarte bat irabazi» duela inauterietan: «Lanketa berezia ere egin izan dugu inauterietako kantuen euskarazko letrak zabaltzeko».
Inauteriak ez dira ospatuko, baina inauterietako kantuak nagusi izango dira otsailaren 14an Leidor aretoan eskainiko den ikuskizunean.
Urte guztiko ospakizuna
Urte osoan zehar ekitaldi eta egitasmo ezberdinak eramango ditu aurrera Galtzaundi euskara taldeak, guzti-guztiak, urteurrena ospatzeko. Kontzertuak, ikuskizunak, erakusketak edota ekimenak aurkezten joango direla aurreratu du Agirrek, «beti bezala, euskararen normalizazioari hauspoa emateko».
Amonarrizek gogorarazi du Galtzaundiren helburua, hasieran Tolosara begira eta ondoren Tolosaldera, «euskararen erabilera sustatzea» izan dela. Horretarako, 30 urte hauetan hamaika ekintza bideratu dituzte: «Batetik aldizkaria, bestetik hitzarmenak egon dira elkarteekin, dendekin eta beste hainbat erakunderekin; era guztietako kultur ekitaldiak egin izan ditugu, Galtzaundi foruma antolatu zen bere garaian, eta Martxaundi bezalako ekimenak ere izan ditugu bertako musika taldeak sustatzeko». Orain, 30 urtez egindako lanaren ondoren, ospakizun jarraitu baten lehen ekitaldiaz gozatuko dute gaur.