Urteak dira, Jai Behatokiaren eskutik, gizarte orekatuagoa, parekideagoa, integratzaileagoa eta berdinzaleagoa sustatzeko helburuarekin, jai berdinzaleagoen aldeko lanari ekin ziola Tolosako Udalak. 2010az geroztik, era aktiboan txertatu du berdintasun ikuspegia jaietan. 2017an, 2018an eta 2019an, gainera, San Joan jaien inguruko azterketa sakona egin da hainbat esparrutan eman diren aurrerapausoak aztertu, jakinarazi eta erronkak identifikatu eta horiek lortzeko neurriak zehazteko.
2017an sortu zen Jai Behatokia, urteetako prozesuari jarraipena eta egonkortasuna emateko eta Tolosak berdintasunaren esparruan izan duen garapena neurtzeko. "Berdintasun politikak modu estrategiko, sistematizatu eta eraginkorrean aplikatzeko tresna da, epe luzerako ikuspegia duena, hobekuntza iraunkorrean eta progresibotasunean oinarritua", azaltzen dute udaletik.
Koronabirusaren ondorioz, iaz San Joan jaiak ohiko moduan ospatu ezin izan zirenez, Jai Behatokiak, lehen aldiz, Inauteriak izan zituen aztergai. 2018tik inauterien azterketa xumea egin da, San Joan jaien azterketaren osagarri modura, baina 2020an azterketa sakonagoa egin zen, besteak beste, musika, karrozak eta konpartsak, omenaldiak, txupinazoa, komunikazioa eta indarkeria alorrak aztertuz.
Berdintasunaren aldeko urratsak
Orokorrean, Inauterietan aztertu diren alorrak kontuan izanda berdintasunaren alde aurrerapausoak ematen direla esan daiteke. "Azpimarratzekoa da parekidetasuna bermatzeko pregoian egin zen esfortzua, baita berdintasun mezuak helarazteko eta berdintasunaren aldeko jarrera aktiboa izateko egindakoa ere".
Indarkeria matxistari dagokionez, inauterietan berdintasun arlotik sentsibilizazio kanpainak bultzatzen dira eta udal-sailen arteko barneko indarkeriaren protokoloa ere egokitzen da urtero. Txosnaguneak badu ere protokolo propioa, espazio horretan aplikatzeko. Azterketaren arabera, baina, "txosnaguneko gaueko musika eskaintza oraindik ere maskulinizatuta dago, eta bide beretik, baita Kabi-Alai Kuttuna bezala izendatzen den inauterizale figura ere".
Konpartsa berdinzaleena
2015ean, Berdintasun Sailak karroza edo konpartsa berdinzaleenaren saria sortu zuen. Berdintasun-irizpideak ezarri ziren sari hori emateko, eta gainerako kategorietako konpartsa eta karroza irabazleak baloratzeko eta aukeratzeko orduan ere kontuan har zitezen.
Hiru helburu nagusi ditu sari honek. Batetik, emakumezkoen eta gizonezkoen artean berdintasunezko harremanak indartzea Tolosako jai eremuan. Bestetik, emakumezkoen parte hartzea eta protagonismoa nabarmentzea, kultur eta jai dinamiketan, eta, oro har, eremu publikoan. Eta azkenik, emakumeen eta gizonen berdintasunaren eta sexu-genero aniztasunaren aldeko mezu sinbolikoen eta kulturalen sorrera sustatzea jaietako jardueretan.
Udalak emandako datuen arabera, karroza eta konpartsen parte hartzaileen artean erdia edo gehiago dira emakumezkoak. Aldiz, talde guztiak ez dira parekideak; iaz parte hartu zuten 63 taldeetatik 29 soilik baitziren parekideak. Konpartsa eta karroza sarituen artean, berriz, emakumezkoen parte hartzea gizonezkoena baino askoz altuagoa izan zen. "Berdintasun irizpideak gero eta barneratuagoak daude tolosarren artean", gaineratzen dute.
Aurrera begirako lanak
Inauterien inguruan egindako azterketak zenbait erronka jarri ditu mahai gainean, baina baita aukera berriak ere.
Erronkak:
- Dagoeneko barneratuak dauden jarrerak eta berdintasun irizpideak modu sistematizatu batean errepikatzea: komunikazioa, agerraldiak, parte hartzea, berdintasun saria..
- Programatzen diren musika taldeak parekideagoak izatea eta mutil eta emakume estereotipoak gainditzen edo apurtzen dituzten taldeak programatzea.
- Berdintasun saria hobetzea eta errotzea eta berdintasun irizpideak gainerako sarietara ere hedatzea.
- Sentsibilizaziorako tresna gehiago aztertzea eta sare sozialak, informazio euskarri gisa erabiltzetik harago, sentsibilizatzeko tresna gisa ere erabiltzea.
Aukerak:
- Abiarazitako lanketak sinergia berriak sortu ditu eta lanerako aukera berriak zabaldu: Musika Eskolarekin, musika enpresaren programatzailearekin, Inauterietako txosna batzordearekin, Kabi Alai elkartearekin, Jabetze Eskolarekin…
- Proiektu honen indarguneetako bat da genero zeharkakotasunerako duen potentziala, horregatik, Jai Behatokia abiatu zenetik, hainbat sinergia sortu eta eraiki dira, bai udaletxearen barruan, bai kanpoan, eta horiek indartzen joan dira.
- Orain, Jai Behatokiaren eginkizuna sistematizatzeko, inauteri zein San Joan jaien inguruan egindako azterketetatik abiatuta, eta horietan antzemandako erronkak eta aukerak oinarri hartuta, datozen urteetarako plana garatuko du Behatokiak. "Maiatzean emango da plan horren berri, herritarrek erronkekin bat egin dezaten, guztiok goza dezagun indarkeria matxistarik gabeko jai berdinzaleagoez".