Euskarazko irakurketa klubak bere bidea abiatuko du gaur

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 9a, 07:58

Tolosako udal liburutegiak orain arteko irakurketa kluba bitan banatu du, gaztelaniazkoa eta euskarazkoa; azken honek komikiaren generoa landuko du

Irakurketa kluba 2016an sortu zen Tolosako udal liburutegian. Orain arte, talde bakarrean bildu eta hilabetero egin izan dituzte saioak, gaztelaniazkoak urritik urtarrilera eta euskarazkoak otsailetik maiatzera. Liburutegiko arduradunek taldea bitan banatzea erabaki dute, eta beraz, gaurtik aurrera euskarazko irakurketa klubak bere bide propioa egingo du. 18:00etan hasita Tupust komikia landuko dute gaur, haur liburutegiko ekintza gelan.

Susana Larre udal liburutegiko arduradunak azaldu du kluba bitan banatzeko erabakia: «Konturatu ginen gaztelaniazko saioetara joaten zen jendea ez zela gero euskarazkoetara joaten. Gaztelaniazko saioetan parte hartzen zutenek otsaila iristean jarraitzeko borondatea azaltzen ziguten eta euskarazkoetan parte hartzen zutenek, berriz, esaten ziguten saio gehiago nahiko lituzketela». Aurten liburutegiko arduradunek baliabide gehiago dituzte eta taldea bitan banatzea erabaki dute. «Indarra hartu du klubak, euskarazko saioetan gutxiago baina parte hartzaile talde sendoa lortu da, beraz, maiatzera bitartean bi hizkuntzetan launa saio egingo ditugu», esan du Larrek. Datorren ikasturteari begira euskarazko zazpi saio eta gaztelaniazko beste zazpi antolatu nahi dituzte liburutegitik, eskaintza oso bat eginez.

Duela ia bost urte Tolosan irakurketa kluba martxan jarri zutenean hiru helburu nagusi zituztela aipatu du liburutegiko arduradunak: «Kalitatezko literatura sustatzea, komikigintzari bultzada bat ematea eta euskaraz gehiago irakurtzeko ohitura hartzea».

KOMIKIGINTZA AZTERGAI

Hasiera batean irakurketa klubaren euskarazko saioetan eleberrigintza landu izan zuten, baina Galtzaundiren irakurketa taldean gisa horretakoak ere lantzen dituztela ikusita, eta bikoizketa ekiditearren, komikigintzan arreta jartzen hastea erabaki zuten: «Euskaraz irakurtzea kostatzen zaionari liburu grafiko bat irakurtzea agian errazagoa egingo zaio».

Irakurleak klub bakarrean biltzen zirenean, komikigintza landu izan zuten euskarazko saioetan Joseba Larratxe Josevisky aritu izan zen dinamizatzaile. Gaurtik aurrera, Ainara Azpiazu Axpi hernaniarrak hartuko du bere lekua. Gaur, euskarazko irakurketa kluba abiatzeko Tupust lana aztertuko dute. Ondoren etorriko dira, martxoaren 16an Antzara eguna, apirilaren 13an Emakume guztiok, eta maiatzaren 11n Basolatik berri onik ez.

Gaur egungo osasun egoeragatik, haur liburutegiko ekintza gelan egingo diren aurrez aurreko saioetan gehienez 10 pertsonak parte hartu ahal izango dute. Dena den, saioak online jarraitzeko aukera izango dela jakinarazi dute liburutegitik. Bai aurrez aurreko saioetan bai Internet bidezkoetan izena emateko 943 69 74 62 telefono zenbakira deitu beharko da edo liburutegira bertara gerturatu. «Liburutegira etorriz gero, irakurleek aztergai izango den liburua etxera eramateko aukera izango dute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!