«Begirada hezi baino, begirada garatzen utzi behar dugula iruditzen zait»

Tolosaldeko Ataria 2021ko ots. 8a, 18:16

Gaurtik aurrera Tolosako udal liburutegiko euskarazko irakurketa kluba dinamizatzen ariko da Ainara Azpiazu Aduriz (Hernani, 1980) Axpi ilustratzailea. Lehen aldia du langintza honetan. «Gogoarekin eta kuriositatearekin» hartu du ardura.

Nola sortu zaizu irakurketa klubean dinamizatzaile bezala aritzeko aukera?

Tolosako liburutegitik hots egin zidaten eta komikia irakurtzea asko gustatzen zaidanez eta horren bueltan aritzen naizenez, baiezkoa eman nien.

Zein izango da zure egitekoa?

Hilean behin liburu bat irakurriko dugu eta gero horren bueltan ariko gara. Irakurleari zer iruditu zaion aztertuko dugu, gustatu ote zaion edo ez. Lana zein testuingurutan egina den aipatuko dugu eta alde teknikoei ere erreparatuko diegu: gidoia teknikoki nola landuta dagoen edo teknika narratibo-bisualak zeintzuk diren begiratuko dugu. Guzti horretan sakonduko dugu.

Iruditzen zaizu begirada hezi egin behar dugula komikia irakurtzeko?

Bai. Begirada hezi baino, begirada garatzen utzi behar dugula iruditzen zait komikia irakurtzeko. Gai honi buruz pentsatzen dudan bakoitzean burura etortzen zait ume umetatik badakigula irudiak irakurtzen. Etengabe irakurtzen ditugu, gainera. Nolabait esatearren, irudien irakurketa narratiboa badakarkigu, txikitatik. Hori garatzen uztea da kontua eta sakontzea, arreta jartzea irudiek kontatzen diguten horretan. Oso naturala da eta ez gara ohartzen askotan. Zenbait aspektutan begirada hori hezi ere egin daiteke, adibidez, artistikoki. Baina oinarri-oinarrian oso gauza naturala iruditzen zait.

Presentzia handiagoa al du orain komikigintzak liburutegietan?

Bai. Pixkanaka-pixkanaka geroz eta gehiago dira hemen kaleratzen diren lanak eta presentzia handiagoa dute, bai liburutegietan eta baita liburu dendetan ere. Indartzen ari den genero bat dela iruditzen zait.

Zuk egin duzu hemendik maiatzera bitartean landuko diren liburuen aukeraketa. Zein irizpide erabili duzu?

Guztiak dira euskarazko komikiak eta saiatu naiz landutako lau liburuetatik bi emakumezkoak eginak izan zitezen eta beste bi gizonezkoak eginak. Ez da erronka erraza izan.

Gaur 'Tupust' landuko duzue.

Bai. Parte hartu dudan proiektu bat izanik errazagoa egiten zait hortik hastea. Egile bezala badut zer esana. Irakurleentzat beste alde hori ikustea interesgarria izan daitekeela pentsatzen dut. Bestalde, Euskal Herriko emakume komikilarien panoramaren berri ematen du eta hortik hastea egokia dela iruditzen zait.

Irakurketa klub hau norbaiti zuzendutakoa da, bereziki?

Ez. Nik ez nuke inongo mugarik jarriko. Interes pixka bat eduki behar dela iruditzen zait eta jakin-mina ere bai. Nahiz eta komikirik inoiz irakurri ez, interesgarria izan daitekeela uste dut. Komikia jende askorentzat oso lurralde arrotza da, baina hurbilpen txiki bat nahikoa da konturatzeko zeinen tresna interesgarria den, zenbait eduki modu azkar batean barneratzeko. Jende guztia animatuko nuke. Askotan txikitako Zipi eta Zape, Mortadelo eta Filemon eta Asterix eta Obelix bezalakoekin lotzen dugu komikia, eta horiek ere badira, baina hortik harago eskaintza ikaragarri zabala daukagu gaur egun. Jendea harrituta geratuko litzateke.

Euskarazko irakurketa klubaren hurrengo ikasturtean ere jarraituko duzu?

Printzipioz bai. Ikusiko dugu zer moduz doan hasierako esperientzia hau, baina ni prest nago jarraitzeko, gogoz egingo dut, gainera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!