Uste dut berebiziko garrantzia duela alderdiek adostu eta onartutako adierazpena, duela 30 urte baino gehiago aktibatutako euskal presoen urrunketak eta dispertsioak eragindako biktimen aitortza ezinbestekoa delako, inoiz gehiago gerta ez dadin.
Etxerat elkarteak adeitasunez agurtu du konponbide eta bakearen bidean lortutako aurrerapauso garrantzitsu hau, euskal gizartearen lana eta konpromisoarekin batera, ekimen instituzionala eta akordio politiko, sindikal eta gizarte eragileenak ezinbestekoak direlako, behingoz, aro berrirantz abiatzeko, eta elkarbizitzan aurrera egiteko.
Nik esango nuke, gainera, bagoazela aurrera, astiro, baina aurrera goaz. Dispertsioaren biktimen errealitatearen baitan, bai Sara Fernandez zein Karmele Solaguren dispertsioaren biktimak gisa aitortu ziren Iruñea eta Barañaingo udal plenoetan 2018an. Orain, Arantza eta Rosa Amezaga alde batetik, eta Leo Esteban Nieto bestetik, euskal presoei zein haien senide eta gertukoei espetxe politikak ezartzen dieten urrunketa politikaren testuinguruan hil zirela aitortu da Tolosan, 38 eta 16 urte betetzen direlarik. Eta Soraluzen eta Lasarte-Orian ere Iñaki Saez eta Asier Heriz, eta Argi Iturralde eta Iñaki Balerdiren heriotzen aitortza jaso da alderdi politikoen aldetik.
Orotara, 16 pertsona hil dira errepideetan, 16 senide eta lagun, dispertsio eta urrunketak ezarritako baldintzen eraginez. Eta ezin dugu ahaztu, oraindik ere, senideak egunero ateratzen direla errepideetara horrek suposatzen duen arriskuarekin; izan ere, urtarrilaren 30ean Soriako espetxean bisita egin ondoren, senide baten istripuaren berri izan genuen. Hau bukatu behar da. Betirako.
Ematen du, zorionez, pixkanaka gauzak aldatzera doazela. Madrilen Sanchezen gobernua dagoenetik, ehun preso baino gehiago lekualdatuak izan dira Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara. Oraindik ere 25 preso baino ez dira Euskal Herriko espetxeetan.
Mantsoegi doa dena, baina, garrantzi handia dauka, nire ustez, alderdi eta eragileen arteko adostasunak gehitzeak. Testuinguru honetan, Tolosako mozioaren 4. puntuan jasotzen dena azpimarratu nahi dut hemen, izan ere, legedi arrunta eta normalizatutako espetxe politika bat aplikatzea proposatzen da. Presoen problematikari erantzun bat ematea ekarpena izango litzateke, dudarik gabe, elkarbizitza eraikitzeko.
Patricia Velez, Etxerat elkarteko Gipuzkoako koordinatzailea