Tolosako Udalak urrunketaren biktimak aitortu ditu

Ataria 2021ko ots. 9a, 11:00

Guztira hamasei euskal herritar hil dira espetxeetara bidean izandako auto istripuetan; Tolosan, zehazki, hiru. Lasarte-Oria eta Soraluzeko udalek ere, Tolosakoarekin batera, "presoen senideek pairatutako sufrimendua" aitortzen duten mozioak babestu dituzte.

Euskal presoak Espainiako eta Frantziako kartzeletan urrunduta edukitzeak eragiten duen "sufrimendua" aitortu dute Lasarte-Oriako, Tolosako eta Soraluzeko udalek. Etxerat elkarteak proposaturiko mozioak babestu dituzte, herri bakoitzean euskal presoei bisitan joatean auto istripuz hil ziren herritarrak gogoratuz.

Tolosaren kasuan, urtarrilaren 28an onartu zuten mozioa, eta gogoratu dute 38 eta 16 urte bete direla Arantza Amezaga eta Rosa Amezaga, batetik, eta Leo Esteban Nieto, bestetik, "euskal presoei zein haien senide eta gertukoei espetxe politikak ezartzen dieten urrunketa politikaren testuinguruan hil zirela". Arantza eta Rosa Amezaga 1982ko irailaren 9an hil ziren, Espainiako Auzitegi Nazionaletik bueltan, auto istripu batean, preso zuten senide baten epaiketa batera Madrilera joanak zirela. Leo Esteban Nieto 2004ko ekainaren 4an hil zen, Andaluziako Puerto de Santamariako kartzelatik bueltan, senide bati bisita egitetik Euskal Herrira zetorrela.

Tolosako Udalak adierazi du heriotza horiek ez zirela "kasualitatea" izan: "Bidaia luzeak egitea aukera bakarra dute presoen senideek eta lagunek bisita eskubidea bermatzeko, duela hiru hamarkada Frantziako eta Espainiako gobernuek euskal presoen aurkako urruntze politika martxan jarri zutenetik".

Memoriaren Egunean ere aipamena

Iazko azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean, udala osatzen duten hiru alderdi politikoek kaleratutako adierazpen instituzional bateratua irakurri zuen Olatz Peon alkateak, Euskal Pizkundea plazan egindako ekitaldian. Joxe Mari Villanueva (PSE-EE) eta Andu Martinez de Rituerto (EH Bildu) zinegotziak izan ziren Peonekin (EAJ-PNV) batera.

Tolosan eta Tolosatik kanpo eraildako herritarrak gogoratu zituzten, baina, aipamen berezia egin zieten kartzelara Tolosako presoak bisitatzera zihoazela, auto istripuz hil ziren hiru senitartekoei. "Ezin ditugu ahaztu, horiek ere biktimak baitira". Martinez de Rituertoren hitzetan, "aurrerapauso bat" da. "Biktima guztiek izan behar dute tokia memorian, baita zoritxarrez dispertsioak eragindakoek ere".

Erlazionatuak

Mantsoegi doa, baina aurrera goaz presoekin batera

Erabiltzailearen aurpegia Patricia Velez, Etxerat elkarteko Gipuzkoako koordinatzailea 2021 ots 09 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!