Itzaleko Ostegun Gizena da, askorentzat, kalderero eguna. Astetan eta astetan eutsitako euforiari irteten uzten dion inbutua. Xanpain kopa bateko aparra nola, halaxe igotzen da inauterizalearen adrenalina, kalderero iluntze-gauean, eta burbuilek uzten dutenaren parekoa izan ohi da kalderero egunaren ajea ere. Parranda eskuetan lehertzen zaio, bati baino gehiagori.
Tolosarrentzat, kaldereroak aitzakia bikaina izan dira Hungaria mapan kokatzeko, edo, nola-hala jakiteko, antzina, Europako ekialdean, ijitoek pertzak konpontzen zituztela. Dena den, kultura orokorreko galdera pareari erantzuteko baino balio ez duen informazio horrez gain, kaldereroek asko esan nahi dute Tolosako inauterietan: kalderero eguna da, betiko eszena eta irudiak betiko jendearekin errepikatzen diren gau horietako bat; edo, urteko egun gozagarrienetakoak hanka onarekin edo herrenka hasteko aukera. Finean, kalderero eguna izan daiteke jarrera bat bizitzaren aurrean: zartagina jo, edo begira egon?
'Kriseilula', 'pikopertza'
Inauterizaleak txiki-txikitatik itsasten du, bere egutegi biologikoan, Ostegun Gizeneko txistorrarenaren aurretik badela festa usaintzen hasteko beste egun bat. Egia da: ikasgeletan askoz ere lehenago hartzen diote aurrea egutegiari, mozorroak esku-lanekin sortuz, eta jolas orduetan kantuen hitzak buruz ikasiz. Bada kaldereroetako abestiaren letra hungarierazkoa dela urtetan pentsatu izan duenik ere, kriseilula eta pikopertza gogotsu kantatuz.
Kantuan pasatzeko moduko eguna baita, kaldereroena, haurraren begietan. Haurtzaroa aspaldi atzean utzi zutenek gogoan izango dituzte Beotibar pilotalekuko gozoki poltsak, eta Xisto, Pisto eta Txibisto pailazoek oholtzara proba xelebreak egitera igoarazten zituzten gurasoak. Orduan, kalean zintzilika izaten ziren, Aiz-Orratz elkarteak banatutako paper handien gainean norberak egindako marrazkiak. Orain, erraldoiekin kalejiran joaten dira haurrak, Aiz-Orratzen Leidorreko ikuskizunera.
Baina, orduan bezala orain, iristen da larunbat iluntzea, eta inauterizale bilaka litekeen haurra irteten da kaldereroen desfilera; ikustera edo parte hartzera. Eta, akaso bizitzan lehenengo aldiz, konturatzen da festetan beldurra senti daitekeela, buruhandiez aparteko beste izakiren batekin: hartzarekin. Horixe dira zartagina eta mailua: bizitzaren krudela, kolpeka-kolpeka.
Voyeurraren zoriona
Izan daitezke lotsatiak, baina, aldi berean, saltsa guztien berri izan nahi dutenak. Tolosako inauteriak ostegunean hasten direla sutsuki defendatzen dutenak, edo, urte guztiko rol seriotik ateratzeko, Zaldunita, Astelenita eta Asteartita bakarrik baliatzen dituztenak. Ohitura zaleak inauterizale baino gehiago; Olentzero, errege mago, San Joan egun eta kalderero desfileak leku berberetik ikustea maite duten tolosarrak.
Inauterien voyeurrak festaren bihotzean ez egonagatik, zentzu osoa ematen diote kaldereroen desfileari; barruan doazen askoren gozamena ere haiek sortzen dute, hein batean. Baita argazkilariena ere: voyeurrek betetzen dituzte kale ertzak. Voyeurrak dira inauteri kaotikoaren hezur-haragizko enkoadrea.
Egun batez ijito
Larunbatek agenda propioa dute tolosarren bizitzetan, eta gehienek hurrenkera eta ordutegi berean egin ohi dituzte larunbatkeriak: kafetegian gosaldu, azokara joan, kirol pixkat bat egin, pare bat trago hartu, txipiekin mokadutxoa egin, bazkaldu eta siesta gozoan murgildu, adibidez.
Kaldereroek zerbait onik baldin badute, horixe baita: beti larunbatarekin iristen direla. Eta, beraz, larunbatei dagozkien egitekoak larunbatean egin behar direla, kalderero eguna izanda ere. Garrantzi gutxiko datua da hori kalderero zale amorratuentzat, asterokoa egiten baitute, Europa ekialdeko ijitoz atonduta ere. Goizean goizetik gona, txanpon, kapela, txaleko eta zartaginarekin kalera irteten direnak dira, bai.
Horietako askorentzat, inauterietako egunik onena da kaldereroena; nahiz eta, gero, ostegunetik astearterako bidaia bonuan, txartel guztiak xahutu. Irudi lezake aurreko taldekoen antipodetan daudela, baina, egiazki, batzuek ezin dute inauteria bizi, besteen presentziarik gabe: elkarren dekoratu dira.
Itxuraldatu bai, baina parrandarako
Inauteri alaiaren iragarle izatea nahikoa motibo da, kalderero gaua parranda ahaztezin horietakoa izango dela pentsatzeko; eta askok nahikoa eta sobran dute hori, bizitza ospatzeko. Horri gehituz gero, kalderero egunean ez dela beharrezkoa zer jantzi eta zer zerekin konbinatu pentsatzea, aurreikuspenak perfektu bilaka daitezke.
Kaldereroetakoa baita urteko lehen parranda itxuraldatua, eta askok horrela bizi dute buhame hungariarren etorrera. Mozorroaren azpiko kapa kopurua kalkulatzen hasteko gaua da. Soinean daramazun jantzia amaren gaztetako gonarekin eta aitonaren ganbarako trapuekin osatu duzula, beste behin, lagunei kontatzen diezun iluntze hori. «Hurrengo urterako txanponak ondo josi behar ditut» enegarrenez zeure buruari errepikatzen diozunekoa.
Adi, ordea, aldea baitago mozorrotzetik mozorrotzera: gaupasa egiteko ijito jantzian sartzen direnetako hainbatek polit egotea lehenesten dute, eta, aldiz, bikain itxuraldatzeko egiten dituzte eginahalak, beste askok.
Txaranga, eta kito
Ia ziurtasun osoz baiezta liteke, zartagina jotzearen eta begira egotearen arteko bizi-filosofia guztiek bat egiten dutela, kalderero gauean, ordu jakin batetik aurrera. Ogi tartean egin beharreko afarien denboraldia kalderero gauean zabaltzen dute batzuek eta, beste askok, bi hilabete lehenago erreserbatutako mahaiaren bueltan osatzen dute oturuntza, egunak merezi duela sinetsita.
Txaranga doinuek betetzen dute Alde Zaharra eta, bat-batean, urtebete zahartu izanaren poza pizten da zenbait bihotz inauterizaletan. Jaia halako erromantizismotik bizi ez dutenak ere batzen dira, ordea, goizaldeko hitzordura, kalea lapiko bilakatuz: inauterizaleak, goierritar exodoa, inauteriak sentitzen ez dituzten tolosarrak eta eskualdeko beste 27 herrietako parranda zaleak, guztiak saltsa berean.
Euskal Herria plazako arkupeen balioa biderkatzen hasten den unea izaten da hori. Etxetik beti bezala irten, eta pare bat hortz beltzez margotuta itzultzeko arriskuaz jabetzeko momentua, edo eremu publikoan kantatzeari lotsa eta ahotsa galtzen hasteko aukera.
Kalderero gauak lehertzen du inauterietako xanpain botilaren kortxoa, tolosarrei, astebete pasatxoan, apar gainean bizitzeko eskua luzatuz. Biharamunak biharamun, gehienek aukerari heltzen diote, eta badira igande eguerdiko pregoi kontzerturako hitzordua egiten dutenak ere, ostegunera bitarte olatu gainean jarraitzeko.