2022an inoiz baino ilusio eta gogo gehiagorekin ospatu daitezen

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ots. 2a, 15:57

Urriaz geroztik jakina zen albistea: Tolosako Inauteriak ez dira ospatuko aurten; hori dela eta, elkar zaintzeko eta neurriak errespetatzeko eskatu dute udaletik.

«Astebete besterik ez da falta inauterietarako». Hori izango litzake, ohiko egoeran, gaurko egunez zabalduko litzakeen albistea. Aurten, ordea, mezu argi eta bateratu bat zabaldu diote Tolosako udalbatza osatzen duten hiru alderdi politikoetako ordezkariek herri guztiari. Urrian iragarri zuten 2021ean ez zirela inauteriak ospatuko. «Pasatakoak gogoratzea eta etorriko direnak amestea egokitzen zaigu aurten», dio Olatz Peon alkateak.

Egun, eremu gorrian kokatzen da Tolosa, eta asteak dira egoera horretan aurkitzen dela. «Ez da egoera samurra, eta oraindik ere, Osasun Sailak ezarritako neurriak betetzeko eskatu behar diegu tolosarrei. Horiek zorrotz errespetatzea ezinbestekoa da egoera honetatik atera nahi badugu. Guztion bizitzak daude jokoan; horregatik, elkar zaintzen eta elkar babesten jarraitu behar dugu», gaineratzen du alkateak.

Tolosarrontzat oso jai bereziak dira inauteriak; horretaz jakitun dira udalean. «Une honetan, baina, guztion osasuna bermatzea lehenesteko ezinbestekoa da erantzunkidetasunez, zuhurtziaz eta elkartasunez jokatzen jarraitzea, baita datozen egunetan ere», dio Peonek.

«Neurriak, betetzeko dira»
Garai gogorrak bizitzen ari garela gogoratzen du Tolosako EH Bilduko Andu Martinez de Rituertok, eta «lehenbailehen, une kritiko hau gainditzeko», ahalegin berezia egin behar dugula. «Tolosak, eta tolosarrok, elkartasunez jokatzen badakigula erakutsi dugu momentu zailenetan. Horregatik, oso garrantzitsua da datozen egunetan ere neurriak betetzea eta elkar zaintzea, gure osasuna jokoan egoteaz gain, jende asko oso gaizki dagoelako», dio Martinez de Rituertok.

Birusaren hedatzean, toki itxiak eremu arriskutsuak direla ere azpimarratu du. «Espazio publiko nahiz elkargune pribatuetan lau lagun baino gehiago ez elkartzeak izugarrizko garrantzia du. Gainera, elkarte gastronomikoak eta gazte lokalak itxita mantenduko dira».

Zaintza lan handiagoa
Era berean, eta une honetan herria perimetralki itxita badago ere, egoera aldatu daitekeela gogorarazten du Martinez de Rituertok. «Horregatik, Gipuzkoako gainerako herrietako, eta bereziki, eskualdeko bizilagunei, hona hurbiltzeko aukera izango bazenute ere, egun horietan Tolosara ez etortzeko eskatzen dizuegu, ez baita jairik izango».

Babes neurriak betetzea ezinbestekoa izanik, ostegunetik asteartera, zaintza lanak indartuko ditu udalak. «Arreta berezia jarriko da jende pilaketak izan daitezkeen eremuetan, neurriak errespetatu daitezen. Era berean, kale hezitzaileak ere ibiliko dira kalez kale, babes neurriak herritarrei gogorarazten», azaltzen du Joxe Mari Villanueva Tolosako PSE-EE taldeko buruak.

Prebentzio alorrean ere, ikastetxeekin elkarlanean, kontzientziazio lanak egingo dira datozen egunetan, ikasleek egun horietan jai izango dutelako, eta herriko zein eskualdeko gurasoei gutun bat bidaliko zaie, informazio guztia eskura izan dezaten.

Garraio publikoari dagokionez, beste urteetan zerbitzuak areagotu izan dituztenez, Renfe eta Lurraldebus enpresekin harremanetan jarri da udala, tren eta autobus zerbitzuan ohiko ordutegia mantendu dezaten.

Azkenik, hainbat herritarrek, eta bereziki gazteek, egun horietan jai izango dutenez, kultur eskaintza areagotuko da (aurrerago emango da horren berri), eta kiroldegia eta Gazte Topagunea irekita egongo dira. Azken honetan, gazteentzako tailerrak izango dira ostegunetik aurrera.

Historiarako inauteriak
Egoera honetara iritsita, herritar askok dio inauteriak inoiz ez direla bertan behera geratu, lehen aldia litzakeela. Villanuevak, ordea, honakoa dio: «1937an ez zen ezer egin inauterietan, baina Asteartita egunean, Frankoren tropak Malagan sartu zirela ospatzeko, txaranga bat atera zuten Tolosan zeuden frankistek. Beti erabili izan da horrelako argudio bat Tolosan inauteria inoiz galdu ez dela esateko, gezur bat bi aldiz errepikatuz, egia bihurtzen baita». Gainera, 1938an eta 1939an tolosarrek inauteriak ospatzeko gogorik ez zutela gaineratzen du.

Beste bi data ere ekartzen ditu gogora: «Burgosko auziaren ondoren, 1971ko otsailean, Tolosako kaleetan zebilen armada. Zerbait egin zen, baina logikoki ez zen benetako inauteria izan. Bestetik, 1974an, metalgintzako langileen greba bat zela eta, hainbat egunez kaleak okupatu zituen Polizia Nazionalak, eta inauteriak egin ziren. Hala ere, parte-hartzea oso txikia izan zen, eta jende gutxi atera zen mozorrotuta garai haietan, gogo gutxi zutelako. Orduan gerra garaian geunden; oraingo hau ere gerra bat da, oso ezberdina, baina ez dagokigu festarik ospatzea», dio.

Herritarren parte-hartzea eta horrek kalean sortzen duen giroa izan ohi da inauterien bereizgarri nagusia. «Jende pilaketa izugarria izaten da, batez ere, txarangen atzetik eta karroza eta konpartsen inguruan. Hori ezinezkoa denez, kalean ez da festarik izango. Ez dago antolatutako egitaraurik», dio Peonek. Sekulako irudimena izaten da inauterietan, eta udalean ziur daude tolosar askok keinu txikiren bat egiteko aukera eta gogoa izango duela. «Egin daitezkeen keinuak ere, egun ezarrita dauden neurri guztiak errespetatuz egin daitezela eskatzen dugu, besterik ez». Ondorioz, tolosarren esku dago aurrerago herria zein egoeratan egotea nahi duten erabakitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!