Alpino Uzturreko eskiatzaileek 13 domina lortu dituzte Euskadiko Txapelketan

Ataria 2021ko urt. 28a, 15:14

Olaia Plazas, igandean, Belaguan egindako proban.

Joan den asteburuan, urtarrilaren 23 eta 24an, Belaguan (Nafarroa), Iraupen Eskiko Euskadiko Txapelketak izan dira eta Alpino Uzturre elkarteko eskiatzaileak modu bikainean lehiatu dira, hamahiru domina lortuz.

 Bost urrezkoak izan dira, bina Alaia Juaristirentzat eta Ainara Lakuntzarentzat eta bat Mikel Plazasentzat. Zilarrezkoak sei izan dira, bina Irene Amantegirentzat eta Hodei Juaristirentzat, eta bana Naroa Amantegirentzat eta Olaia Plazasentzat. Beste bi domina brontzezkoak izan dira, eta Olaia Plazasek eta Naroa Amantegik bana lortu dute.

Eguraldi hotza eta haizetsuak ez zituen partaideak kikildu eta estatu osoko 140 eskiatzaile inguru elkarte ziren Belaguan, proba Espainiako Koparako ere puntuagarria zelako. Orain bi aste Linzan eta asteburu honetan Belaguan egindako lau lasterketa batuz, Espainiako Kopako 18 urtez azpiko sailkapenean lehenengo postuan dago Alaia Juaristi.

Alpino Uzturre elkartetik azaldu dutenez, «emaitza hauek lortzeko nahitaezkoa da eskiatzaileen esfortzua eta teknika. Eta, nola ez, asko laguntzen du entrenatzaile eta eski prestatzaileek uneko elurrari hobekien egokitzen den parafina eta argizariekin eskiak prestatzerakoan asmatzea». Lortutako emaitzengatik, kirolariak zein teknikoak zoriondu dituzte elkartetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!