Trafiko aldaketak, Larramendiko lanak direla eta

Ataria 2021ko urt. 27a, 18:57

Bihar hasiko dituzte Larramendiko biribilgunea egonkortzeko asfaltatze lanak, eta, ondorioz, 09:00etatik aurrera trafikoa desbideratuko dute egun batez, errepidea erabat itxita egongo baita bi norabideetan.

Bihar egingo dira Larramendiko biribilgunea egonkortzeko asfaltatze lanak. Dagoen asfaltozko errodadura-geruza fresatu, asfalto berria zabaldu, eta bide marrak margotuko dituzte. Erdiko irlatxoa, babes-hesia eta argiztapena indartzeko lanak datorren astean egitea aurreikusten da.

Ondorioz, egun osorako desbideratuko da trafikoa. Ibilgailuen trafikoarentzako erabat itxita egongo da, bi norabideetan, Jon Andoni Irazusta kalea (Biala), autobusak barne eta garajeak izan ezik. Zubi Berritik eta Ibarratik datozen ibilgailuak Kondeaneko Aldapatik barrena desbideratuko dira norabide guztietan. Santa Klaratik doan trafikoa, berriz, Asuncion Klinikatik barrena Santa Lutzia Auzora desbideratuko da, autobusak barne. 

Larramenditik erdi aldera datorren trafikoa ez da itxiko baina Rondilla kaletik desbideratuko da, autobusak barne. Azkenik, Anoetatik datorren trafikoa Rondilla kalera desbideratuko da, Larramendi-Biala aldera itxita egongo baita. Gainera, Anoetara joateko, Lapurdi plazako posteak irekiko dira, herriari buelta osoa eman beharrik gabe.

Garraio publikoak ere aldaketak izango ditu eta honako autobus geltokiak zerbitzuz kanpo egongo dira: Larramendi 6koa, Telepizzakoa, bialeko hasierakoa eta Santa Lutzia auzoan autobidearen azpian dagoena.

Hauek izango dira, hortaz, trafikoan aldaketak dauden bitartean autobus zerbitzuen geralekuak:

  • TSST Donostia: Zezen plaza, Nafarroa etorbidea, Izaskungo igoera (Santa Klara), Santa Lutzia auzoa (Klinikatik datorren bidegurutzea).
  • Tolosaldea, Asteasu: Belate, Zezen plaza eta Izaskungo igoera (Santa Klara).
  • Hiribusa: Santa Klararaino ohikoa eta ondoren Izaskungo igoera, Klinika, Santa Luzia (Klinikatik datorren bidegurutzea) eta Larramenditik barrena Rondilla kaleraino.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!