'Ahardikeriak' eleberria, asteartean, Galtzaundiren irakurle taldean

Ataria 2021eko urtarrilaren 22a

Marie Darriussecq baionatarraren lanaz ariko dira, kultur etxean, 19:00etatik aurrera; izena eman daiteke oraindik.

2021ean ere euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko helburuarekin jarraituko du Galtzaundiren irakurle taldeak. Urtarrileko saiorako, Marie Darrieussecq idazle baionatarraren Ahardikeriak lana aukeratu da, Joxan Elosegik euskarara itzulia. Asteartean izango da saioa, 19:00etan, Tolosako kultur etxean, eta ohiko moduan, Yurre Ugartek dinamizatuko du.

Hitzordua guztiz irekia bada ere, saioan parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea. Horretarako, www.galtzaundi.eus webguneko galdetegia bete behar da, eta ondoren, e-mail bidez bidaliko dira saioan parte hartzeko jarraibideak. 10 laguneko muga jarri da saioan. Datozen egunetan agintariek ezartzen dituzten osasun neurri berrien arabera, aldatu daitezke ordutegia eta gehienezko partaide kopurua.

Eleberri honek sekulako arrakasta lortu zuen Frantzian. 600.000 aletik gora saldu ziren, eta dagoeneko 45 hizkuntzetara itzuli da. Aski bitxia da istorioa: lurrin-denda batean lan egiten duen neska bat zerri-eme bihurtu da. Neska hori dendako bezeroekin prostituitzen da, baina antza, ez du ekintza horren kontzientziarik. Kafkaren metamorfosi ospetsua gogora dakarkigun hasiera horren ondoren, hainbat izugarrikeria gertatzen dira. Umore beltza da nagusi, eta pasarte batzuk ametsezko munduetatik ateratakoak dirudite. Zenbaiten ustez, egungo gizarte kontsumistaren eta botere egituren fabula gordina da liburua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!