Espainiako Kopa eta Txapelketa, bertan behera

Imanol Garcia Landa 2021eko urtarrilaren 21a

Tolosa CF-ko gimnastika erritmikoko lehen mailako taldea.

Tolosa CF-ko gimnastika erritmikoko lehen mailako taldeak ezin du oraingoz txapelketetan parte hartu, aurreko asteburuan eta ondorengoan jokatzekoak ziren bi lehiaketak bertan behera geratu direlako.

Aurreko asteburuan Espainiako Kopa jokatzekoa zen Valentzian, eta asteburu honetan Valladoliden jokatzekoa zen Espainiako Txapelketan parte hartzeko asmoa zuten. Infantil mailako gimnastak ere lehiaketa horietan parte hartzekoak ziren.

Oraindik Espainiako Gimnastikako Federazioak ez du zehaztu noiz egingo diren lehiaketa horiek. Tolosa CF-ko gimnastei zain egotea tokatuko zaie beraz. Martxoko geldialditik ez dute txapelketarik egin, eta irrikaz zeuden hainbeste prestatu dituzten bi lehiaketa horietan parte hartzeko. Entrenatzaileek azaldu dutenez, «frustragarria da helburu bat ez izatea eta lanean jarraitzea, datarik ez izatea helburuak finkatzeko. Denboraldiko plangintza egitea ezinezkoa suertatzen da».

Bestalde, entrenatzaileek diotenez, «eskola kirolean eta amateur mailan egoera berdina da, hasi eta geratu gabiltza. Txapelketarik egingo den ezin da jakin gizartean dugun egoera kontuan izanik. Baina, haurrek aurrera egiteko eskola kirola eskaintzea beharrezkoa da». Bide batez, entrenatzaileek eskerrak eman dizkiete gimnasten familiei eta babesleei: «Denbora zail hauetan gurekin jarraitzen dute, eta beraiek gabe ezinezkoa izango litzateke kluba martxan izatea».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!