Herritarren proposamenak txertatu dituzte aurtengo aurrekontuan

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko urt. 20a, 16:59

'Guztion artean Tolosatzen' partaidetza prozesuan iaz jasotako ekarpenak aurrera eramateko, egitasmo ezberdinak bildu ditu Tolosako Udalak 2021eko aurrekontuan; 27 milioi euroko proiektua osatu dute.

Azken osoko bilkuran onartu ondoren, jada herritarren eskura jarri du Tolosako Udalak 2021eko aurrekontuen txostena, «modu ulerterrazean, tolosarrek informazio osatua izan dezaten». Besteak beste, gastuak arloka nola banatu dituzten, helburu eta lehentasun nagusiak zein diren eta aurten zein proiektu eta egitasmo gauzatuko dituzten azaltzen da, grafiko eta irudi bidez.

Aurtengo aurrekontu proiektua «ezohikoa» dela azaldu du Olatz Peon alkateak. «Egungo egoerara egokitu behar izan delako, unean uneko nahiz etorkizuneko beharrei erantzuteko. Suspertu Tolosa planaren jarraipena da, zorrotza, errealista eta jasangarria. Udal baliabide guztiak erabiliko ditugu zaurgarritasun egoeran dauden herritarren eta sektore kaltetuenen beharrei erantzuteko, inor atzean utzi gabe. Aldi berean, tolosarrontzat estrategikoak diren egitasmoetan aurrerapausoak ematen jarraituko dugu, herriaren garapen sozial, ekonomiko eta jasangarria sustatzeko».

Ezberdina, baina aberatsa

Aurrerapauso horiek emateko, ezinbestekotzat jotzen dute iaz egin zen Guztion artean Tolosatzen partaidetza prozesua. Izan ere, aurrekontu txostenean jaso dira 2020an herritarrek egindako zenbait proposamen. «Konpromiso indibiduala bultzatzeko egindako lanketatik sortu zen prozesua, elkarlan publiko-komunitarioa sustatzea helburu hartuta. Aurtengoa, baina, ezberdina izan da, hausnarketak maila ezberdinetan egin ditugulako», azaldu du Joseba Ormazabal Gobernantza eta Komunitatea saileko zinegotziak. Hala ere, balorazio positiboa egin du. «Proposamen interesgarri bezain aberatsak jaso ditugu».

Ekindako bideari jarraipena ematea da asmoa. «Elkarlana izan da eta da egoerari aurre egiteko bidea; ezinbestekoa da herritarrengandik gertu egotea. Gobernantza eredu berrietan sakontzen jarraituko dugu, tolosarrengandik gertu egon gaitezen, eta inplikatu daitezen. Helburu horrekin, Gobernantza eta Gardentasun Ordenantza garatuko dugu aurten, herritarrekin elkarlanean», esan du Ormazabalek.

Lau sail, dozenaka ekarpen

Tolosarrek egindako ekarpen eta proposamenak sailez sail aztertu ditu udalak, eta martxan jarri dituen lan lerro eta proiektuekin lerrokatu dira. Ongizatearen esparruan, zaintzaren sektoreari eman diote garrantzia. «Elkar zaintzen duen gizartea indartu nahi da. Herriko sare soziala garatzea da asmoa, auzo batean proiektu pilotu bat martxan jarriz», dio, saileko teknikari arduraduna den Garikoitz Lekuonak.

Ekonomia alorrean, ekoizpen ekologikoari garrantzia eman eta bertako nekazaritza bultzatu eta profesionalizatu nahi da, tokiko produktuen kontsumoa sustatuz. «Azoka Lagunak indartuko da. Tolosatzen, keinu txikien herri aliantza egitasmoaren baitan, Elikadura eta kontsumoa izango da apirileko gai nagusia».

Komunitateari eta partaidetzari begira, herrian dagoen eskaintza gizarteratu eta elkarteak ezagutaraztea da asmoa. Bestetik, komunitatean harremanak sendotu nahi dira, elkar hobeto ezagutzeko sarea sortuz. Horrez gain, Haurren Hiria egitasmoaren baitan, ahotsa eman nahi zaie haur, nerabe eta gazteei, hausnarketa kolektiboa sustatzeko. «Proposamen horiei erantzuteko, Elkarteen Katalogoa garatu, eta egoerak ahalbidetuz gero, udazkenean elkarteen arteko topaketa egitea da asmoa», gaineratu du Lekuonak.

Azkenik, eta jasangarritasunari dagokionez, Agenda 21 proiektua indartzea, eta birziklapena bultzatzeko, sentsibilizatzeko eta kontzientzia pizteko, elikagaien xahuketaren aurkako ekintzak gauzatzea eskatzen dute herritarrek. «Proposamen horiei erantzuteko, Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Tokiko Plana garatzeaz amaituko dugu, garapen jasangarrirako helburuak eta ingurumen adierazleak zehaztuz».

GAKOAK

1. Helburuak: Gizarte babesa bermatzea, hiri ekonomia suspertzea, kultura babestea, komunitatea sendotzea eta Tolosaren etorkizuneko oinarriak lantzea.

2. Aurrekontua, zenbakitan: 2021eko aurrekontua: 27.037.040 euro. Foru Funtsa: 13.205.721 euro. Berezko baliabideak: 13.831.319 euro. Inbertsio soziala: 2.922.691 euro.

3. Banaketa: %28,84a (7,8 milioi euro) Antolakuntza sailera bideratu da; %32,52a (8,8 milioi euro), Lurraldea sailera; eta %38,64a (10,4 milioi euro), berriz, Herritarrak sailera.

4. Antolakuntza: Sail honetara bideratutako dirua, Ogasun departamentua, Idazkaritza, UDATE, Udaltzaingoa, Gobernu organoak eta informatika zerbitzuak indartzeko erabiliko da.

5. Lurraldea: Sail honetan, hirigintza, kale garbiketa, zabor bilketa, argiteri publikoa, azpiegiturak, parke eta lorategien mantenua eta ingurumena eta trantsizio energetikoa indartuko dira.

6. Herritarrak: Gizarte Zerbitzuak, Gazteria, Kultura eta Jaiak, Euskara eta Hezkuntza, Komunitatea eta Gobernantza, Garapen Ekonomikoa, Kirola eta Berdintasuna lagunduko dira diruz.

7. Proiektuak: Euskal Herria plaza, Gorriti plaza, Laskoain kalea, Gernikako Arbola, Emakumeen etxea, Zumarditxikia, kultur etxea, etxebizitza hutsak, Usabal edota eguzki-panel berriak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!