Lau langile berri kontratatu ditu Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 19a, 07:58

Egungo testuinguruan, langabezian dauden herritarrei aukera berriak eskaintzeko helburuarekin kontratatu dira. Gazte Planaren barruan, Gizarte Langile bat eta informatikari bat kontratatu dira; Eskualdeko Enplegu Planaren baitan, berriz, bi peoi.

Tolosako Udalarentzat lehentasun bat da aurten herritarren gizarte babesa bermatu eta euren beharrei erantzuten jarraitzea. Inbertsio soziala %9 igoko da eta hainbat prestazio eta gizarte zerbitzu areagotuko dira, inor atzean ez uzteko eta herritarren beharrei erantzuten jarraitzeko.

Aurtengo aurrekontu proiektuan jaso da baita ere langabezian dauden lau pertsona kontratatzea, horietako bi 30 urte azpikoak, herritarrei lan aukera berriak eskaintzeko, are eta gehiago egungo testuinguruan. «Hortaz, langabezian dauden pertsonak kontratatzeko ahalegin berezia egingo da», diote.

Pandemiaren ondorioz, giza beharrak areagotu eta lan egiteko modu berriak ezarri dira. Hori dela eta, Gizarte Zerbitzuen alorra eta informatika alorra indartu nahi izan ditu Udalak, «herritarren beharrei modu egokiagoan erantzuteko eta herritarrei zerbitzu egokiagoa emateko». Gazte Planaren barruan, urte beterako bi pertsona kontratatu ditu udalak: gizarte langile bat eta informatikari bat. Eskualdeko Enplegu Planaren baitan, bi peoi ere kontratatu dira. Kontratazio horien bitartez, une honetan ezinbestekoak diren alorrak indartu nahi izan dituzte.

Administrazioa garai berrietara egokitzea ere ezinbestekoa da. Iaz, lan egiteko modu berriak ezarri behar izan zituen udalak, egoerara egokituz, modu telematikoan zerbitzua eskaintzen jarraitzeko. «Digitalizazioa errealitate bat da jada, horregatik, administrazio elektronikoan sakondu eta herritarrei zerbitzu hobea eta eraginkorragoa eskaintze aldera kontratatu da informatikaria».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!