ELKARRIZKETA

«Ilustrazio baten funtzio nagusia komunikatzea da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko urt. 23a, 10:58

Urrian argitaratutako Gau Beltza eta ahanzturaren pasabidea liburua ilustratu zuen. Orain, hainbat kolektiboren parte da, baita kultur kudeaketako eta autoedizioko proiektuena ere, eta duela gutxi kamera estenopeiko baten diseinuan parte hartu du.

Bilbon Arte Ederren ikasketak burutu ondoren, teknika grafikoetan espezializatu zen Pili Aguado (Tolosa, 1981) ilustratzailea. Euskal Herrian hezi arren, Valentzia inflexio-puntu bat izan zen bere bizitzan. Gerora, proiektu interesgarriak burutu ditu, tartean, Latinoamerikan. Berezko estiloan oinarrituta, batez ere atmosferak eta begirada sakoneko pertsonaiak garatzen ditu.

Noiztik zara ilustratzailea, eta nolatan hasi zinen?

Valentzian amaitu nuen ikasketa ibilbidea, eta bertan piztu zitzaidan ilustrazioaren mundurako interesa, horri lotutako mugimendu ugari baitzegoen (erakusketak, ikastaroak...). Orduan ohartu nintzen nire lan artistikoaren estiloa oso lotuta zegoela ilustrazioekin.

«Ilustrazioak uste baino gehiago inguratzen gaitu; irudiez jositako mundu batean bizi gara»

Zein ilustrazio motarekin aritzen zara lanean?

Modu tradizionalean aritzen naiz, baina askotan digitalki ukituz bukatzen ditut irudiak, koloreak kontrastatzeko. Akuarelak, gouacheak eta errotuladoreak erabiltzen ditut. Gainera, oso gustuko dut teknikak eta materialak nahastea, besteak beste, marrazkia eta collagea edo argazkien gainean margotzea. Oso interesgarria da, emaitza ezberdinak ematen dituztelako.

Eta zeintzuk dira zure proiektu garrantzitsuenak?

Mexiko Hirian egon nintzenean, taldeko erakusketa bat osatu nuen Rojo Bermelo galerian, nazioarteko emakumezko artista askorekin batera. Garrantzitsua izan zen, hainbat herrialdetako profesionalekin lan egiteko aukera izan nuelako. Duela gutxi, berriz, banakako erakusketa bat egin nuen, Gasteizko Ataria espazioan, Basoa gara izenekoa. Bestetik, Alba argitaletxearen Pequeña y Grande bildumarako Harriet Tubmanek argitaratutako liburua, nire lehen argitaratze-lana izan baitzen. Azkenik, diseinuari eta publizitateari dagokienez, Gasteizko Udal Liburutegien Sarerako ilustrazioak, nire lana zabaltzeko eta profesionalki hedatzeko aukera eman zidatelako.

Iaz, 'Gau Beltza eta ahanzturaren pasabidea' izeneko liburua ilustratu zenuen. Nola sortu zen ideia?

Lur Gallastegik idatzi zuen eta nik azala eta barruko irudiak egin ditut. Kasu honetan, argitaletxea jarri zen nirekin harremanetan, ilustrazioak egiteko. Lehenik, testuak pasa zizkidaten, liburuak izan behar zituen ilustrazio kopuruarekin batera. Gero, ilustrazioen ideiak garatzen joan nintzen, argitaletxearen eta egilearen ikuskaritzapean. Beste batzuetan, libururako ilustrazioak egilearekin batera lantzea egokitu izan zait, eskuz, eta ideiak bien artean erabakiz.

Zer kontatzen du liburuak?

Zortzi urtetik gorako haurrentzako liburua da. Heriotzari buruz eta protagonistak gai horren aurrean dituen sentimenduei buruz hitz egiten du, eta pertsonaiek bizidunen nahiz hildakoen munduan bizi dituzten istorioetan eta abenturetan oinarritzen da kontakizuna.

Zer behar du ilustrazio on batek?

Ilustrazio baten funtzio nagusia komunikatzea da; helburu hori lortzea da garrantzitsuena. Hainbat teknika edo tresna erabil ditzakezu ideia hori ahalik eta hobekien transmititzeko.

Eta zer garrantzi dute gaur egun ilustrazioek?

Askotan ez gara jabetzen ilustrazioak uste baino gehiago inguratzen gaituela. Ikus-entzunezko edukiz betetako mundu batean bizi gara, irudiez josita gaude. Ez bakarrik liburuetan eta prentsan, baita arropan ere: hainbat ehun-mota, objektuak, diskoak, filmak, webguneetarako edukia, sare sozialetan egunero erabiltzen ditugun ikonoak... Hala ere, askotan ez dira aintzat hartzen. Zoritxarrez, artearen eta kulturaren eremu askotan bizi dugu hori.

Ba al dago ilustrazioetarako zaletasunik hemen inguruan?

Azken urteotan gora egin duen sektorea dela esango nuke. Asko dira interesa azaltzen dutenak, eta badirudi pixkanaka arlo askotan baloratzen hasten dela. Zaletasuna handiagoa izanik, kalitateak ere gora egin du. Kalitate handiarekin ilustratutako liburu ugari daude, ez soilik haurrentzat, eta uste dut publikoa geroz eta helduagoa dela. Lan sinestezinak eta kalitate handikoak dituzten ilustratzaile asko daude Euskal Herrian, eta badira ilustratzaileen lanari balioa emateko sortutako elkarteak, adibidez, Euskal Irudigileak.

Zure kasuan, irakasle bezala ere aritzen zara, ezta?

Bai. Besteak beste, Donostiako Tabakaleran eta Gasteizko Atarian eskaintzen ditut ikastaroak. Tolosako Ekhima zentroan ere hilabetero egiten ditut tailerrak. Egun bakarreko jardunaldi intentsiboak izaten dira, eta sormen-teknika ezberdinak lantzen ditugu. Tailer horietan parte hartzeko ez da aurrez esperientziarik behar.

Amaitzeko, duela gutxi, Ibon Azpilikuetaren kamera estenopeikoaren diseinuan parte hartu duzu. Nola landu duzue diseinua eta zertarako erabiltzen da?

Aspalditik ezagutzen nuen Ibonen proiektua. Duela urte batzuk kamera estenopeikoen bere ikastaro batera joan nintzen, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Kartoian egiten ditu kamerak, eta kamera horiek norberak erosi eta muntatu ditzake, jarraibideen arabera. Zure kamera muntatzeko eta argazkiak analogikoki ateratzeko modu polita da.

Kameraren diseinu berrian elkarrekin lan egiteko ideia aipatu zidan Ibonek, eta nik gustura onartu nuen. Hainbat pertsonaia eta animalia kameren bidez diseinatu nituen. Konposizioak argiarekin eta argazkiarekin lotutako sinboloak ere baditu, hala nola begiak, ilargiak edo eguzkiak.

Erlazionatuak

Kartoizko kamera

Eneritz Maiz Etxarri 2021 urt 23 Alegia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!