ERREPORTAJEA

Kartoizko kamera

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko urt. 23a, 10:59

Ibon Azpilikuetak kartoizko kutxen bidez sortua du estenopeika kamera; argazkilaritza gustuko du, eta bizi egiten du. Teknika ezagutu zuenean jolasten hasi, eta kamera sortu eta tailerrak ematen bukatu du.

Bizi egiten du argazkilaritza Ibon Azpilikuetak. Kamerez eta argazkiez inguratuta bizi da alegiarra, eta dakien hori jendeari erakustea gustatzen zaio. Ikastaro ezberdinak eman ohi ditu, eta ez ohikoena edo, estenopeika kamerarena izango litzateke.

Berak sortutako kartoizko kutxa baten bidez erakusten du oinarrizko argazkilaritza, eta norberak muntatzen du kutxa bidezko kamera. «Nik teknika ezagutu nuen, eta pixka bat jolasten hasi nintzen. Ikusi nuen oso polita zela erakusteko edota jendeak ezagutzeko zer zen hori», azaltzen du Ibon Azpilikuetak. «Argazkia zer den, nola sortzen den, kamera bat zer den... eta horri tiraka Gko Galleryko Garirekin hizketan nola egin, zer egin hasi nintzen, eta tailerra nola eman pentsatzen».

Egurrezkoa eginez gero denbora asko eskatuko zuela eta, buruan zuen ideia bakoitzak bere kamera muntatu ahal izatea zen. Papiroflexia etorri zitzaion burura orduan. Tamayo dendara joan eta bertan topatu zuen nahi zuena: kartoizko kaxa bat. «Muntatu gabe saldu zidaten, eta horixe zen nahi nuena. Muntatzeko erraza zen kaxa bat». Jarraian diseinuan sartu zen. «Planoak egin, aldatu, moldatu, eta behin kamera moduan probatu ostean, funtzionatzen zuen kamerak», dio.

2016an asmatu zuen estenopeika kamera. Helburuetako bat, tailerrak emanez jendeak kamera muntatu zezala eta beraiek sortutako kamera bat izatea zen. Kartoia behar zuen izan, baina «barrutik beltza, eta pintatu egin behar nuen, eta lagun baten bidez egin nuen lehendabiziko modeloa ilustrazioekin», azaltzen du Azpilikuetak. 

«Nik plantxa eramaten dut inprenta batera, eta ilustrazioak jartzen dizkiete kartoiaren gainean, gero beste leku batean laser bidez mozten da guztia», argitzen du sortzaileak. Behin elementu guztiak jasota, jarraian material guztia Azpilikuetak berak muntatzen du gutun-azal batean sartuz.

Zuri-beltzeko argazkien mundua ezagutaraziz

Tailer ezberdinak emanak ditu herri ezberdinetan, eta baita ikastetxe ezberdinetan ere; eskualdean eta eskualdetik kanpo. «Dakidana erakusten pila bat disfrutatzen dut», aitortzen du. Hasieran, kutxak bukatzean, beharren arabera gehiago egiten zituen Azpilikuetak. Baina egun batean Eli Garmendia eta Carlos Pericas, Nomad Studiokoek ikusi zuten alegiarraren proiektua: «Produktu bat da, eta saldu behar duzu esan zidaten».

Ez zuen horretarako asmorik, baina Nomad Studiokoek web orria egin zioten beraiei emandako laguntzarengatik, 2019an. www.izpinhole.com webgunean eros daitezke kartoizko kamerak.

Lehen edizioa bukatuta dago, eta bigarren bat egina du. Pili Aguado Box.a elkarteko kide izanik, berari eskatu zion egiteko, eta tolosarraren ilustrazioak ditu bigarren kamera esteneopeikak. Iazko konfinamenduaren ostean atera zuen bigarren edizioa, eta kamera batzuk Mexiko edota Alemaniara ere saldu ditu.

Argazkilaritzako oinarrizkoa ikasteko aukera ematen duen kamera da Azpilikuetarentzat. Negatibo, positibo, ISO, diafragma, sentsibilitatea... «Gauza horiek ikasteko oso erabilgarria da, eta gainera norberak sortzen duen kamera da». Adin guztietako ikasleak izan ditu, eta guztiek atera dituzte zuri-beltzeko argazkiak. Objektiborik gabeko argazkilaritza da, eta tailerretan teoriaz gain praktika egiten dute. Gehienetan egun oso bat hartzen du tailerra emateko, eta guztiak ateratzen dira kamera eta argazkia eskuan dituztela.

Kontrara, kamera hori erosten duena, «umezurtz dago» dio. «Behar du papera, errebelatzekoa, behar du nolabait laborategia... nik ulertzen dut ez dela edozeinek erostekoa».

Erosten duenak argazkilaritzan nolabait aritua behar du izan.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!