Argizaiola argazki lehiaketaren erakusketa, Aranburu Jauregian

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 20a, 07:57
'Liberacion' izeneko argazkia. MANU BARREIRO

Euskal Herriko Argazki Taldeen Federazioak Argizaiola argazki lehiaketa antolatzen du urtero. Orain, erakusketa ibiltaria jarri dute Tolosan, 2019an lehiaketara aurkeztutako irudien aukeraketa batekin.

Euskal Herriko Argazki Taldeen Federazioak urtero antolatzen duen argazki lehiaketa da Argizaiola. Hain justu, Euskal Herri mailan antolatzen diren tamaina txikiagoko argazki lehiaketa ezberdinetan hobekien sailkatutako euskal argazkilariek jasotzen dute bertan parte hartzeko gonbidapena. Parte hartzen duten argazkilarien artean sari nagusi bat eta bi accesit ematen dira.

Aipaturiko tamaina txikiagoko lehiaketa horietako bat Targazki elkarteak antolatutako Tolosa Herria lehiaketa da. «Argazki lehiaketen lehiaketa da Argizaiola», dio Elena Marquez Targazkiko lehendakariak.

Orain, Tolosako Aranburu Jauregian jarri dituzte ikusgai 2019an ospatu zen Argizaiola lehiaketaren 39. ediziora aurkeztutako argazkiak. Erakusketa ibiltaria da, eta tartean dira saritutako argazkiak nahiz parte hartu zuten irudien aukeraketa bat. Pasa den ostiralean zabaldu zuten eta otsailaren 2ra bitarte izango da bisitatzeko aukera.

Jesus A. Mesa Oteroren Juegos de niños y de no tan niños argazkia izan zen 2019ko Tolosa Herria lehiaketako irabazlea. Bigarren saria, berriz, Manu Barreiro Rodrigezen Liberacion argazkiak lortu zuen. Eta hirugarren sailkatu zen Hector Abela Arbuesen Gemelos. Lehiaketa hartatik 2019ko Argizaiola sariketarako hiru argazki aukeratu zituen epaimahaiak: Manu Barreiroren Liberacion, Javier Zabalaren Ya estan aquí!, eta Andoni Mikel Alemanen Ispiluan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!