Martxan dira Zumarditxikiko eta kultur etxeko proiektuak idazteko prozesuak

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 19a, 19:59

Enpresek hilabete dute euren proposamenak aurkezteko. Proiektuen idazketak esleitu ondoren, Zumarditxikiko proiektua gauzatzeko 7 hilabete izango ditu enpresa esleipendunak; kultur etxeko proiektua egiteko, berriz, 10 hilabete.

Legealdi Planean jasotako bi proiektu garrantzitsuren idazketa prozesuak abiarazi ditu Tolosako Udalak. Zumarditxikia herritarren eskura jartzea da Udal Gobernuaren legealdirako helburu nagusia eta proiektu estrategikoena. Kasu honetan, aurreproiektu bat dago egina, herritarrekin Tolosatzen prozesuaren baitan partekatu eta landu zena, herritarren proposamen eta iradokizunak kontuan izateko. Aurreproiektu hori da orain garatuko dutena.

"Hirigune historikoari arnasa eskainiko dion birika"

Espazio publiko honen berrantolaketa egitea da proiektuaren helburu nagusia, garai batean leku honek izan zuen erabilera soziala berreskuratu asmoz, gaur egungo beharretara egokituz, eta Tolosako Mugikortasun plana kontuan hartuz.

Berdegune bat eratu nahi dute; espazio naturalagoa, inklusiboagoa, irisgarriagoa, herritar bakoitzaren naturarekiko harremana areagotuko duena, gizarte ekintzak antolatzeko aproposa izango dena eta genero perspektibari dagokionez, eremu segurua izango dena. "Hirigune historikoari arnasa eskainiko dion birika izango da", azaltzen dute udaletik.

Proiektuaren idazketak bi fase izango ditu: lehenik, azterketa lanak egingo dira, eta gero, exekuzio proiektua garatuko da. "Herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango da proiektuak duen garrantziagatik, eta bi saio egingo dira tolosarrekin, bata, proposamenak jasotzeko, eta bestea, proiektua aurkezteko", diote.

Kultur etxean, liburutegi berria

Udal gobernuak eraikin sozio-kulturalei buruzko azterketa egin zuen aurreko legealdian, azpiegituren eta bertan eskaintzen ziren zerbitzuen inguruko informazio zehatza izateko, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko helburuarekin. Azterketan atzemandako beharrak eta lehentasunak kontuan izanda, eraikinak berritu eta berrantolatzeko plangintza egin dute, eta kultur etxea eraberritzeko proiektuari eman zaio lehentasuna, gune honek duen erreferentzialtasun eta erabilera dela eta.

"Espazio hau zaharkituta eta gain-okupatua dago eta irisgarritasun baldintzak ez daude bermatuta", adierazten dute udaletik. Beste espazio batzuetan ere antzeko arazoak dituzte, adibidez, Aranburu Jauregiko artxiboan eta Udal Liburutegian. Horregatik, eraberritze proiektuarekin batera, erabilera berriak planteatu nahi dira kultur etxean, baita espazioa berrantolatu ere, liburutegi berria bertan kokatzeko.

Enpresek, beraz, kultur etxea eraberritzeko eta liburutegi berria bertan kokatzeko proiektua garatu behar dute. Liburutegiak, gainera, eskakizun berrietara egokitu beharko du, liburutegi inklusiboa izan dadin. Herritarrak izanik herrian bizi eta azpiegitura hau gehien erabiltzen dutenak, udaletik ezinbestekotzat jotzen dute euren parte hartzea proiektua garatzeko. "Eraikin sozio-kulturalen inguruko azterketa egin zenean jada herritarrek egin zituzten proposamenak eta horiei erantzutea du helburu liburutegi bateratua eta berritzailea kultur etxean kokatzeak".

Proiektuak, urte amaierarako

Hilabeteko epea dute enpresek euren proposamenak aurkezteko. Ondoren, proiektuen idazketa lanak esleituko ditu udalak; Zumarditxikiko proiektua gauzatzeko 7 hilabete izango ditu enpresa esleipendunak, 80.000 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Kultur etxeko proiektua egiteko, berriz, 10 hilabete eta 85.377,6 euroko aurrekontua. Gauzak horrela, urte bukaerarako bi proiektuak eskuartean izatea aurreikusten dute udaletik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!