Koronabirusa

Neurriak zorrotz errespetatzea eta gizarte harremanak mugatzea ezinbestekoa dela esan du Olatz Peon alkateak

Ataria 2021ko urt. 18a, 16:49

Tolosak 100.000 biztanleko COVID-19 kasu positiboen 500eko intzidentzia tasa gainditu duenez, bihartik aurrera, herriko konfinamendu perimetrala ezarriko da, eta ostalaritza itxiko da. Horrez gain, eskola kirola eta taldeko kirola ere etenda geratuko dira.

Gaur gainditu du Tolosak 100.000 biztanleko COVID-19 kasu positiboen 500eko intzidentzia tasa, eta honenbestez eremu gorrian sartuko da bihar. Hori dela eta, neurri zorrotzagoak jarraitu beharko dituzte Tolosan, bihartik aurrera. Olatz Peon alkateak erantzukidetasuna azpimarratu nahi izan du, “Egoera kezkagarria da, kutsatze tasa altua dugu herrian eta inguruko herrietan, horregatik erabat mugatu behar ditugu gizarte harremanak, arduraz eta zuhurtziaz jokatu eta bereziki, neurriak zorrotz errespetatu, guztion konpromisoa eta laguntza ezinbestekoak baitira egoerari aurre egiteko”. 

Tolosa lehen ere gorrian egona dela adierazi du alkateak, baina "lehen bezala, baita orain ere egingo diogu aurre egoerari, norbere konpromisotik, ardura kolektibotik, erantzukidetasuna ezinbestekoa delako birusaren hedapena mugatzeko".

Egoera berriaren aurrean, hasteko, udalerriaren itxiera perimetrala ezarriko da, hau da, mugatu egiten da pertsonen sarrera eta irteera, dekretuan jasotako salbuespenekin (osasun zentrora joatea, lan eta lanbide beharrak, bizilekura itzultzea, adinekoen, adingabeen eta mendekoen laguntza eta zaintza....). Ostalaritza eta jatetxe establezimenduek ere beraien ateak itxi beharko dituzte. Eta horiez gain, eskola kirola eta taldeko kirola bertan behera geratuko dira.

Orain arte bezala, gimnasioetan, kirol klubetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak egiten jarraitu ahal izango dela adierazi dute udaletik. Lehiaketa profesionalean eta erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak baimentzen dira, baita kirol federatukoak ere. Baina, kiroldegiari dagokionez, "gogorarazten da tolosarrak ez diren erabiltzaileek ezingo dutela kiroldegia erabili". 

Momentu honetan, helburu nagusia kutsatzeen hedapena mugatzea dela dio Olatz Peonek: "Neurriak bete behar ditugu guztion hobe-beharrez, neurriak ez errespetatzeak guztiongan duelako eragina, guztion osasunean eta segurtasunean eta baita ere herriko jarduera ekonomikoan; elkar zaintzeko eta komunitatean pentsatzeko garaia da,  herri modura aurrera egin dezagun”.

Neurri berrien aurrean, udalak udaltzaingoaren presentzia indartuko duela kalean esan du, bereziki sarrera-irteeretan. Ostalaritza sektoreari arautegia gogoraraziko zaiola ere argitu du, eta "aste honetan bertan bilera egingo da sektorearekin egoeraren jarraipena egiteko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!