Amasa-Villabonak eremu gorrian jarraitzen du, 709ko tasarekin, baina, pasa den ostegunean eremu gorrian sartu ziren Ibarra eta Berastegi eremu gorritik atera dira. Kontrara, Irura eta Tolosa eremu gorrian sartu dira, eta ondorioz, ostalaritza itxita izango dute eta mugikortasuna mugatuta bertako herritarrek, bihartik aurrera.
Tolosaren kasuan, azken hiru egunetan 18 positibo atzeman dituzte bertan, eta azken hamabost eguneko intzidentzia tasa 500eko kopuruan geratu da, beraz, eremu gorrian sartu da. Iruraren kasuan, 5.000 biztanletik beherako herria denez, ez zaio soilik herriko intzidentzia tasari begiratzen. Horrekin batera, osasun eremuko tasari ere begiratzen zaio, eta baita azken zazpi egunetan gutxienez bi positibo izan diren. Bada, Irurak 4 positibo izan ditu ostiraletik igandera, 938ko tasa du, eta 507ko tasa du Villabonako osasun eremuak.
Berastegiren kasuan, azken zazpi egunetan ez da positiborik izan, eta eremu gorrikoen zerrendatik atera du Osasun sailak. Ibarran, berriz, positiboak izan dira, eta 557ko tasa du, baina, Ibarrako osasun eremua laranjan dago, 483ko tasarekin, beraz, hori ere zerrendatik atera da. Egoera ikusita Ibarrako Udalak herritarrei eskerrak eman nahi dizkie egoera ulertzeagatik eta nabarmendu du, aurrera begira ere, arduraz jokatzen jarraitzea ezinbestekoa dela, horrelako egoerak errepikatzea ekiditeko. "Orain arte bezala, arduraz jokatzen jarraitu behar dugu. Jendea, orokorrean, oso ondo ari da. Kutsatze kasuak ahalik eta gehien murriztu behar ditugu, horretarako segurtasun neurriak betez", esan du Igor Zapirain alkateak.