Botikina jarriko dute Amarotz auzoan

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 14a, 16:26

Ezarritako errekurtsoaren ondotik, eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, eskaria onartu eta botikin berria jartzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak; jada abiarazi du ezartzeko prozedura.

Amarotzen kokatutan zegoen botikina Larramendi auzora lekualdatu ostean, Amarozko Auzo Elkarteak eskatuta, Tolosako Udalak Amarotz auzoan botikina jartzeko egokitasuna baloratzeko eskaera egin zion Osasun Sailari 2020ko urtarrilaren 29an. Uztailaren 27an, Farmazia Zuzendariak aipaturiko eremuan botikina jartzea bidezkoa ez zela ebatzi ondoren, ebazpen honen aurkako errekurtsoa jarri zuen udalak.

Udalak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ostean, Tolosa farmazia bulegoz hornituta egonda ere, urruntasunagatik eta gertuen dagoen establezimenduarekin harremanetan jartzeko zailtasunagatik, ontzat eman zen botikina ezartzeko eskaria eta urtarrilaren 5ean onartu zen ezarritako errekurtsoa. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak botikina jartzeko baimena eman du eta ezartzeko prozedura hasi du.

Udalerriko farmazia-bulegoetako titularrei helarazi zaie informazioa, botikina sortzeko baimena eskatu eta beren proposamenak aurkeztu ditzaten. Bi hilabeteko epea dute horretarako.

Hiru kokaleku posible

Botikina sortzeko interesa duten farmazialariek alokatuko duten lokalari buruzko informazioa erantsi beharko dute beren proposamenean. Hiru aukera posible daude: Amarotz auzoko 9. zenbakian, Amarozko 24-An edo 31.ean.

Prozedura abiarazi bada ere, oraindik ere errekurtsoak ezarri daitezke ebazpen honen aurka. Proposamenak jaso ondoren, aipaturiko 2 hilebete horiek igarota, horiek aztertzeari ekingo dio Farmazia Zuzendariak; ondoren, proposamen bakoitzaren puntuazioarekin argitaratuko da ebazpena. Segidan, ebazpenaren aurkako helegiteak aurkezteko epea zabalduko da.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!