Bedaio auzoko Plan Estrategikoa garatzeko parte hartze prozesua aurkeztuko dute gaur

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 14a, 10:44

Bilera ireki baten bidez aurkeztuko da parte hartze prozesua. Elizan izango da, 18:30ean, eta indarrean dauden segurtasun eta higiene neurri guztiak betez egingo da. 

Tolosako Udalak 2019-2023 Legealdi Planean jasota duen ekintzetako bat da landa auzoen etorkizunari buruzko azterketa egitea; halaber, 2020ko aurrekontuetan jasotako ekintzetako bat ere bada. "Landa eremu zabal bezain aberatsa du Tolosak, eta, hala, landa auzoen etorkizuna bermatzeko eta horiek bizirik mantentzeko beharrezkotzat jotzen dugu horien inguruko azterketa egitea, auzotarrekin elkarlanean", diote udaletik.

Bedaio auzoan hasiko dira azterketa egiten. Hori dela eta, lehen bilera ireki baten bidez parte hartze prozesua aurkeztuko dute gaur, hilak 14. Elizan jarri dute hitzordua, 18:30ean, eta indarrean dauden segurtasun eta higiene neurri guztiak betez egingo da.

Bedaiotik abiatutako proposamen batetik dator prozesu parte hartzaile hau. Auzotarren artean bide desberdinetatik ematen ari zen lanketa berbera egiteko proposamena, hau da, auzotar guztiei galdetzea etorkizunean zer nolako Bedaio nahi duten, prozesu parte hartzaile baten bitartez. Auzotarren ustez, garrantzitsua eta ezinbestekoa da denen iritziak jasotzea, aurrera begira eman daitezkeen pausoak guztien artean erabakitzea.

Hiritik At enpresak eramango du prozesuaren kudeaketa. Auzoan dauden beharrak identifikatzea eta udalarekin harremanetan egoteko bideak zehaztea izango da parte hartze prozesuaren helburua. Lanaren nondik norakoak, metodologia eta epeak azalduko dira, eta auzotarren lehen ekarpenak eta landu nahi diren gaien inguruko ideiak jasoko dira gaurko bileran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!