Landa eremuen etorkizuna aztertzeari ekin die, Bedaio auzotik hasita

Ataria 2020ko abenduaren 3a

Tolosako Udalak, 2019-2023 Legealdi Planean eta 2020ko aurrekontuetan jasota duen ekintzetako bat da ikerketa hori egitea.

Landa eremu zabal eta aberatsa du Tolosak. Horregatik, landa auzoen etorkizuna bermatu eta horiek bizirauteko, udalak beharrezkotzat jo du horien inguruko azterketa egitea, auzotarrekin elkarlanean. «Nortasun berezia dute, eta geografikoki erdigunetik kanpo daude», diote Tolosako Udaletik.

Bedaion, Urkizun eta Aldaban, adibidez, biztanleen zati bat herri kaskoan bizi da, besteak, berriz, baserri eremuetan. Etorkizunera begira, gainera, landa auzoetako bizilagunek behar eta eskaera antzekoak dituzte, tartean, bertan geratu nahi duten gazteentzako etxebizitza, jarduera ekonomiko falta eta nekazaritza-abeltzaintza ustiapenen gainbehera edota zerbitzu eta azpiegituren falta, batez ere, adineko pertsonentzako.

Bedaio izango da aztertuko duten lehen eremua. Hiritik at aholkularitza enpresa arduratuko da auzoaren etorkizunaren inguruko hausnarketa eta azterketa egiteaz. Auzotarren ekarpenak biltzea ezinbestekoa izango denez, lau fasetako prozesu parte-hartzailea izango abiatuko du udalak: Auzotarrekin aurkezpen saio irekia, iritziak biltzeko elkarrizketak, proiektu posibleak identifikatzeko gaikako saioak eta ekintza plana zehazteko batzarrak. Gerora, Bedaion garatutako plana baliagarria izan daiteke gainerako auzoetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!