WATTARIA

Arnasten duten bateriak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2021ko urt. 17a, 10:58

Ohikoa izaten da ikertzaileok naturan ikusten ditugun prozesuetan oinarritzea gure garapen berriak gauzatzeko. Horixe da, adibidez, testu honetako bateria motaren kasua, nire lehen ikerketa-gaia izan zirenena: metal-aire bateriak.

Zergatik metal? Elektrodoetako bat (osagaietako bat) metala bat da. Metal horrek erreakzionatu egiten du, eta beste elektrodoari (beste osagaiari, aire elektrodoari) erreakzioak egitea/izatea ahalbidetzen dio. Metal elektrodoa ez da horren berezia aire elektrodoarekin alderatuz gero, ez dugu gehiegi sakonduko. Metal ezberdinak erabili daitezke: geroz eta arinagoa metala, orduan eta energia handiagoa emateko gai da, baina lan egiteko arazo gehiago ditu. Esaterako, nik litio eta sodio metalak erabiltzen nituen nire ikerketetan, eta metal arin-arin hauetan oinarritutako bateriak ez daude eskuragarri merkatuan. Zinka bezalako metal astunagoetan oinarritutakoak, aldiz, entzumena hobetzeko gailuetan (sonotoneetan) edota mendian aurki daitezkeen hesi elektrifikatuak elikatzeko erabiltzen dira.

Zinka bezalako metal astunagoetan oinarritutakoak, aldiz, entzumena hobetzeko gailuetan edota mendian aurki daitezkeen hesi elektrifikatuak elikatzeko erabiltzen dira

Hala ere, naturan aurki daitezkeen prozesuetan oinarritzen diren bateri batzuei buruz hitz egingo nuela esan dut eta mimetizazio hori aire elektrodoan gertatzen da: bateria hauek arnastu egiten dute. Zirrikitu txiki batzuen bidez, bateria barrura airea sartzen da, eta airearen oxigenoa erregai bezala erabiltzen da energia lortzeko. Ondoren, bateria hauek entxufe batera konektatutakoan, sare elektrikoaren energia erabilita lehenago erabilitako oxigenoa berriz ere atmosferara itzuliko da.

Bateria hauek energia asko eman dezakete (egun erabiltzen ditugun litio-ioi bateriek baino handiagoa), osagai oso merkeekin eginda daude eta ingurumen-inpaktu txikia daukate. Hortaz, zergatik ez dago hauen erabilera zabalduagoa? Gakoa baterien kargan dago: albo erreakzio asko izaten dituzte eta oso zaila da aurrez erabilitako oxigeno kopurua berriz atmosferara askatzea. Efizientzia eskasa dute, alegia. Gainera, ez dira gai deskarga-karga ziklo asko gauzatzeko, batez ere litio-ioi bateriekin alderatuz gero. Ondorioz, bateria hauek askotan pila modura erabiltzen dira: daukaten energia agortu ondoren bota egiten dira: sonotonea behar dutenek ondo asko dakite pila horiek ezin direla birkargatu. Lehen aipatu dut material merkeak erabilita egiten direla, baina material merke hauek erabilera bakarrekoak izanez gero, ez dira horren errentagarriak: ekonomikoki bereziki interesgarriak lirateke behin eta berriz kargatuko balira.

Bateria hauek askotan 'pila' modura erabiltzen dira: daukaten energia agortu ondoren bota egiten dira

Edozein kasutan, birkargan ikertzen dihardugun bitartean, badira bateria berezi hauek erabiltzeko moduak. Entzumenerako gailuez gain, hesi elektrikoak aipatu ditut. Haietara konektaturiko zink-aire bateriek bi urtez egin dezakete lan energia agortu aurretik. Beste aplikazio interesgarri bat dagoeneko litio-ioi bateriak dituzten auto elektrikoetan erabiltzea da. Adibidez, gure auto elektrikoak 400 km-ko autonomia badu eta 500-600 km-ko bidaia bat egin nahi badugu, metal-aire bateriek beste 100-200 km erantsi ditzakete, baina erabilera bakar batekoa litzateke bateria gehigarri hau. Askotan, produktu perfektu bat izan bitartean oso baliagarria da produktu inperfektuen neurriko aplikazioak aurkitzea, ikerketan inbertitutako diruaren errentagarritasuna lortzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!